REAS Euskadiren urteroko batzarra egin dute eta Incyde, Lankidetza eta Garapenerako Ekimenak, sarean sartu da

13 martxoa, 2015 | Kategoriarik gabe

Pasa den martxoaren 5ean REAS Euskadiren urteroko ohiko batzarra egin zuten Bilbon, eta sarea osatzen duten 62 erakundeetatik 50ek hartu zuten parte. Gehiengoaren botoekin, kudeaketa-txostena eta 2014. urteko kontuak onartu zituzten, eta baita 2015. urterako aurkeztutako kudeaketa-plana eta aurrekontua ere. Hortaz gehiengoaren babesa dute erakundearen jarduerak eta 2014. urterako aurkeztu dituzten erronkek.

Gainera, plan estrategiko berria aurkeztu dute, 2015 eta 2018 urteen artean erakundearen ibilbidea ezarriko duena, botoen %100rekin. Denbora gutxi barru osatuko den Euskal Gizarte Ekonomia Sarea aurkezteko aprobetxatu zuten batzarra, eta egitura berri horretan REASek parte hartzea bozkatu zuten.

Beste aldetik, azpimarratzekoa da batzarrean elkarteko kide berriek hartu zutela parte; besteak beste, Incyde (Lankidetza eta Garapenerako Ekimenak) kooperatibak, orain dela denbora gutxi REAS Euskadi ekonomia solidarioaren sarearekin bat egin duenak. Gizarte-aholkularitzarako enpresa bat da, eta bere fundatzaileak, Esther Canarias Fernández-Cavadak eta Fernando Altamira Basterretxeak, 15 urte daramatzate entitate publiko eta pribatuei hainbat zerbitzu eskaintzen. Besteak beste, erakundeak indartzeko prestakuntza eta aholkularitza, ebaluaketa, sistematizazioa, plangintza estrategikoa, diagnostikoa, ikaskuntza estrategikoen sorkuntza, metodologia-aholkularitza eta antolakuntzaren ongi bizitzea. Modu horretan, eta parte-hartzearen eta jabekuntzaren bitartez, garapen gizatiar, jasangarria, bidezkoa eta integrala lortzen dute.

Horrela, Incydek REAS Euskadi sarearekin bat egin du, 50 enpresa eta gizarte- erakundez osaturik dagoen eta pertsona helburu duen entitatearekin. Giza garapen jasangarriaren bitartez, enpresa eta erakunde sare horrek gizartearen eta ekonomiaren eraldatzea bilatzen du alderdi guztietan: finantzaketa, ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa. REASek kontu-ikuskaritza sozialeko erremintak eta kalitatea hobetzeko tresnak erabiltzen ditu. Gainera, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza zein merkataritza ekologikoa sustatzen ditu. Finantza-baliabide etiko eta solidarioak babesten ditu, eta gizarte-sentsibilizazioa bultzatzen du, gizartearen aldaketarako eta parte-hartzerako heziketa landuz.

 

Iturria: REAS Euskadi