Iritzia: Alejandro Martínez Charterina, Deustuko Unibertsitateko katedraduna eta Zuzenbide Fakultateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuko zuzendaria

23 otsaila, 2015 | Kategoriarik gabe

Gazteak eta kooperatibak

 

Nazio Batuen Erakundeak 2011 Gazteen Nazioarteko Urtea izendatu zuen, eta 2012a, Kooperatiben Nazioarteko Urtea.

2013-14 ikasturtean zenbait jarduera burutu zituen Estatuko sektoreak kooperatiben eta gazteen arteko harremanean sakontzeko eta, bide batez, Nazio Batuek bi urtez jarraian jorratutako gaiekin bat egiteko. Ekimen horietan Deustuko Ikasketa Kooperatiboen Institutuak parte hartu zuen, besteak beste. Azken bi urteotan egindako lanaren emaitza izan da 'Difusión de los valores y principios cooperativos entre la juventud' (Dykinson, Madril, 2015) argitalpena.

Hausnarketa horren abiapuntua da gazteak, zalantzarik gabe, edozein gizarterentzat aberasgarriak direla, etorkizunari aurre egiteko protagonismoa hartu beharko baitute. Beraz, kooperatibek beraiengan pentsatzen dute, orainean parte har dezaten sustatzeko eta enpresaren jarraipena beregain uzteko. Jada 1995ean, Manchesterren, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak izaera kooperatiboaren deklarazioa onartzerakoan azpimarratu zuenez, kooperazioaren balioei eta onurei buruzko informazioa eman behar diete kooperatibek gazteei. Hori da hezkuntzari, heziketari eta informazioari buruzko bosgarren printzipioak dioena, "urrezko arautzat" hartua izan denak, hain zuzen.

Gaur egun, berriz, ezinegona sortzen duten bi errealitateren aurrean gaude: batetik, aurrerapen teknologikoak direla eta, bereziki komunikazioen arloan, belaunaldi txandaketa nabarmen handitu da; eta, gainera, biztanleriaren piramidea herrialde garatuetan alderantzikatzen hasi da. Bestetik, gazteriaren erdiak ezin du lanposturik lortu aurrekaririk ez duen krisian murgilduta gaudenetik. Egoera honetan hainbat galdera egiteko aukera dago: Nola erantzungo diete gazteek aldaketa indartsu eta azkarrei? Zein bilakaera izango dute haien bizitzek, balioek eta konprometitzeko gaitasunak? Zein leku izango du hain ondo prestatua dagoen belaunaldi gazteak, adinari dagozkion idealak eta indarra, munduan zehar mugitzeko erraztasuna eta teknologia berriak ondo maneiatzeko gaitasuna dituenak?

Egoera honetan, kooperatibak aukera ona izan daitezke gazteentzat, errealizazio pertsonala eta profesionala eskaini diezaieketelako: lana, prestakuntza, kudeaketa demokratikoan eskarmentua izateko eta ardurak bereganatzeko aukera, baita haien beharrak hein handi batean asetzeko bidea eman ere.

Baina, aldi berean, gazteek asko dute kooperatibei eskaintzeko: etorkizunari aurre egiteko ideia eta ikuspuntu berriak, prestakuntza egokia, jarraipena lidergoan, eta enpresa demokratikoa, iraunkorra eta sozialki arduratsua gauzatzeko nahia.

2014ko espainiar gazteen tipologiaren ikerketa sakona egin eta gero, haien balioen arabera, Javier Elzo soziologo katedradunak uste du gazteriaren erdia baino gehiagok, 15 eta 24 urte bitartean, ez lukeela arazorik izango kooperatibismoaren filosofiarekin bat etortzeko eta etorkizunean aurrera egiteko oinarri sendo bat eraikitzeko.

Horren aurrean, eta kooperatibismoak dakartzan onurak kontuan izanda, ezinbestekoa da kooperatibek eta haien erakundeek gazteekin duten harremana estutzea; hau da, komunikazioa, prestakuntza eta parte hartzeko aukerak sortzea.

Komunikazioa etengabeko erronka da kooperatibentzat, bereziki nekez ikusiak diren eremuetan. Prestakuntza kooperatibismoaren funtsean dago; izan ere, enpresa-izaera jakin bat ezagutu eta onartzea eskatzen die langileei. Nortasun horrek, gainera, euren jarduera inspiratu behar du, eta ardurak hartzeko gaitasuna eman. Kooperatiba batean sartu edo berria eratzeko erraztasunak dituzte interesatuek, horrelako enpresetan langileek parte hartzea eskuragarri baitute.