Pasa den uztailaren 8an Eibarren egin zen jardunaldi arrakastatsu honetan, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertu zen Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren ikuspuntutik.
UEUko Ekonomia Sailak eta GEZKI Institutuak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako topaketa hauen bitartez, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertu zuten hainbat adituk Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozialaren ikuspegitik. Aitor Bengoetxeak (GEZKIko Zuzendaria) eta Unai del Burgok (UEUko kidea) Berria aldizkarian adierazi zuten bezala, Ikastolen garrantzia hezkuntzarekin zein euskara eta euskal kulturaren sustapenarekin lotuta dago: euskal hezkuntza sistema propio eta euskaldun baten aldeko esperientzia da ikastolena. Aitzitik, «publikoa, hots, estatuarena» paradigma horretan oinarriturik, «entitate pribatu» gisa definitzen dituzte zenbait sektorek, erakunde publikoen finantzaketatik «elikatzen» diren ikastetxe «elitista» gisa, alegia.
«Hainbatek bi esparru baino ez dituzte onartzen jende arteko harremanetan: publikoa bide dena, estatua, eta pribatuen artekoa, merkatua». Baina ikastolek badute berezko zerbait. Izaera kooperatiboa. Bitasun horretan pribatuak, bai, baina merkatuaren logikatik aldenduak, irabazi asmoak ez ditu mugiarazten; komunitatearen ekimenak sortu eta komunitatearentzat eraikitako hezkuntza proiektua dinamikoa dira. Eta dimentsio horrekin estuki lotuta, badute beste bereizgarri nagusia izaera komunitarioa da. Ikastolen eredua «publikotasun berri baten bila» doan eredua da: «komunitatean eta demokrazia parte-hartzailean» oinarritutako «anomalia» bat. Kooperatibismoan eta ekonomia sozialean txertatzen ditugu ikastolak: hezkuntzaren «Hirugarren Bidea» deiturikoa, administrazioaz eta merkatuaz bestelakoa, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonen parte-hartzean eta Euskal Herri osoko ikastolen arteko elkartasunean errotutakoa. Hau da, hezkuntza eta kulturaren alorrean loratu den esperientzia kooperatibo eredugarria da Ikastolena.
Hala ere, hausnartu beharra dago. Ikastolek bere izaera kooperatiboaz jabetu behar dute eta hausnarketa sakona egin beraien indargune, ahulgune, arrisku eta potentzialitateez. Eta horretarako, topagune berriak sortu behar ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, UEUko Ekonomia Sailak eta GEZKI Institutuak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako Ikastolak eta Kooperatibismoa topaketan egin zutena bertaratu ziren aditu guztiek.
Jardunaldiko hitzaldi eta mahai-inguruen bideoak ikusgarri daude hemen.
Iturria: Berria