‘Euskal gizarte-ekonomiaren egoerari buruzko urteroko txostena’ eta ‘Euskal gizarte-ekonomia eta krisi ekonomikoa: 2009 eta 2013 urteen arteko eboluzio sozioekonomikoaren analisia’ txostenak argitarat

17 abendua, 2015 | Kategoriarik gabe

Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiak (OVES/GEEB) 2015ean garatu dituen bi lan argitaratu berri ditu: 'Euskal gizarte-ekonomiaren egoerari buruzko urteroko txostena' eta 'Euskal gizarte-ekonomia eta krisi ekonomikoa: 2009 eta 2013 urteen arteko eboluzio sozioekonomikoaren analisia', ezohiko izaera duena. Bi txostenekin euskal gizarte-ekonomiak 2009 eta 2014 urteen artean izandako eboluzioari buruzko azterlana egin da.

 

Aipagarria da 'Euskal gizarte-ekonomia eta krisi ekonomikoa' txostenak barne hartzen duela gizarte-ekonomiaren garapenari buruzko azterlan estatistikoa. Enpleguak, entitateen kopuruak eta ekarpen ekonomikoak (sortutako balio erantsi gordinaren neurria) 2009 eta 2013 urteen artean izandako eboluzioa aztertzen du Ignacio Bretos, José María Pérez de Uralde eta Jon Morandeira ikerlariek egindako lanak.

 

Gainera, hainbat aditu, irakasle eta profesionalen ekarpenak jasotzen ditu txostenak. Zehazki, José María Pérez de Uraldek egin du liburuaren hitzaurrea; Enekoitz Etxezarretak, Juan Carlos Pérez de Mendigurenek eta Jon Morandeirak gizarte-ekonomiaren kontzeptua hartzen dute hizpide; Baleren Bakaikoak kapitalismoaren eta krisi ekonomikoen harreman historikoa aztertzen du; Mikel Zurbano Euskadiko atzeraldi ekonomikoaren testuinguruaz mintzatzen da; Alejandro Martínez Charterinak balioen krisi zabalagoan barneratzen du krisialdi ekonomikoa: Aitor Bengoetxeak gizarte-ekonomiaren arloko enplegua aztertzen du; Jon Morandeirak euskal gizarte-ekonomiara zuzendutako politika publikoak azaltzen ditu; Jesús García Aréjulak kontratazio publikoa eta euskal krisialdi urteetako gizarte-ekonomia hartzen ditu ardatz; Pablo Moratallak enplegu-zentro bereziak azpimarratzen ditu, krisiari aurre egiteko eredu gisa; eta azkenik, Ignacio Bretosek datu estatistiko ofizialak, homogeneoak eta jarraituak lortzeko zailtasunak aurkezten ditu.

 

Euskal gizarte-ekonomiaren egoerari buruzko urteroko txostenari dagokionez, aurreko urteetan landutako dokumentuen antzeko formatuan jasotzen ditu 2014ko euskal gizarte-ekonomiaren egoerari buruzko datuak. Urteroko txostenak hobetzen joateko xedearekin, datu, iturri eta aldagaien kontraste berriak barneratu dira aurtengo dokumentuan. Adibidez, foru-ogasunetako datu berriak erabili dira, baita Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioek emandako arrantzale-kofradiei buruzko datuak ere. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateen datuak ere baliatu dira, Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikaren eta Baliabide Instituzionalen zuzendaritzaren eskutik.

Txosten bietan lortutako emaitza nagusiei dagokienez, aipagarria da euskal gizarte-ekonomiak beheranzko joera txikia izan duela krisialdi urteetan, bai enpleguan bai entitateen kopuruan eta bai balio erantsi gordinaren sorkuntzan. Hala ere, EAEko ekonomia orokorraren eboluzioarekin alderatuz gero, ikus daiteke gizarte-ekonomia ohiko ekonomia baino hobeto erantzuteko gai izan dela, enpleguari eta entitate kopuruari dagokienez, 2009-2014 epealdian. 2012. urtea salbuespena izan zen, euskal gizarte-ekonomiarentzat eta sektore ekonomiko gehientsuentzat, urte bereziki txarra.

Bestalde, euskal gizarte-ekonomiak balio erantsi gordina sortzeko duen gaitasunak behera egin du krisialdian, ziur aski ekonomia-mota honen printzipio nagusietako bat dela eta: pertsona kapitalaren aurretik jartzea; hau da, enplegua emaitza ekonomikoen aurretik. Zentzu horretan, gizarte-ekonomia kalitatezko enplegua sortzeko gai izan da; hots, ez du lan-ezegonkortasuna handitu, lanpostu gehienak bazkideen eta langile finkoen esku daude. Gainera, lanpostuetan emakumezko eta gizonezkoen kopuruen artean oreka bilatzeko joera dago sektorean, eta gizarte-kohesioa sortzeko lan egin da desberdinkeria soziala eta enpleguaren ezegonkortasuna nagusi izan dituen testuinguru ekonomikoan.

Euskal gizarte-ekonomiaren familia nagusien garapen espezifikoari arreta emanez, azpimarragarria da gizarteratze eta laneratze enpresen ezohiko erantzuna; bereziki, enplegu-zentro bereziena, kolektibo zaurgarrienen integrazio soziolaboralerako funtsezko baliabide gisa jardun baitute. Bestalde, kooperatibak gai izan dira enplegua mantentzeko, orokorrean. Halaber, enplegu kooperatibo gehien dagoen eskualdeetan, Debagoienan kasu, gizarte-ongizate eta aberastasun indize altuenak dituzte. Azkenik, lan-sozietateek jasan dute krisiaren talka handiena, baina azken urteotan hobekuntza-joera nabari da, batik bat 2014an, enplegua hazi egin baita 2013 urtearekin alderatuz.

'Euskal gizarte-ekonomia eta krisi ekonomikoa: 2009 eta 2013 urteen arteko eboluzio sozioekonomikoaren analisia' txostena

– 'Euskal gizarte-ekonomiaren egoerari buruzko urteroko txostena (2015)'

 Iturria: OVES/GEEB