Bidezko merkataritzaren 30. urteurrena. 1986-2016. Euskadiko Merkatu soziala bidezko merkataritzaren alde

31 maiatza, 2016 | Kategoriarik gabe

Bidezko merkataritzaren 30. urteurrena. 1986-2016. Euskadiko Merkatu soziala bidezko merkataritzaren alde

Euskadiko Merkatu Sozialak Bilboko Bidezko Merkataritzako entitateen partzuergoaren iritzia onesten du, gure lurraldean Mugimendu honen 30. urteurrenaren ospakizunean.

Eta zu, Bidezko Merkataritza zara?

Sistema ekonomiko kapitalistan eta nazioarteko merkataritzan merkatu librearen logika da nagusi, eta horrek gizabanakoen eskubideen, lan-baldintzen eta ingurumena babestearen gainetik jartzen ditu lehiakortasuna eta ahalik eta irabazi ekonomikorik handienak lortzea. Sistema honek desberdinkeria handiak eragiten ditu.

NBGPren azken txostenaren arabera, pobreziak mila milioi pertsonari eragiten die oraindik, eta desberdinkeria areagotu egin da. Mundu osoko biztanleriaren % 80k munduko aberastasunaren % 6 du, eta % 1ek aberastasunaren erdia dauka. Gainera, 830 milioi langile txirotu daude (hau da, egunean 2 dolarrekin baino gutxiagorekin bizi dira), eta 1.500 milioi pertsonak ez dituzte lan-baldintza duinak eta seguruak.

Bestalde, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, oraindik 168 milioi umek lan egiten dute, eta horien erdiak lan arriskutsuak egiten dituzte. Mundu-mailan, emakumeek gizonek baino % 24 gutxiago irabazten dute.

Jantzigintzaren sektoreak argi eta garbi erakusten du nola milioika gizonek eta emakumek lantegi edo tailerretan ustiapen-baldintzetan egiten duten lan miseriazko soldaten truke. Ekoizpenaren deslokalizazioak arroparen ekoizpena soldata txikiak dituzten, lan-eskubideak errespetatzen ez dituzten eta ingurumena babesten ez duten herrialdeetara eramatea ekarri du.

Bidezko Merkataritza eta Ekonomia Solidarioa, beste gizarte-mugimendu batzuk bezala, biztanleriaren zati handi bat baztertzen duen, pobrezia sortzen duen eta desberdinkeriak areagotzen dituen ekonomia- eta merkataritza-sistema horrentzako alternatibak bilatzea nahitaezkoa delako sortu ziren.

Nagusiki eskala txikiko ekoizleak barne hartzen dituzten prozesuetarako eredu berriak sortzeko garatzen dira, baina kontsumitzaileei ere zuzentzen zaizkie. Eredu hauek errentagarritasunaren logika hutsak zuzentzen duen sistema hegemonikoarekiko begirada kritiko bat proposatzen dute, hala ingurumen-alderdiei dagokienez nola gizarte-arloan, eta beren ekintzek hainbat balio dituzte ardatz: solidaritatea, berdintasuna, justizia, elkarrekikotasuna, gardentasuna, etab.

Bidezko Merkataritza eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa nagusi den eredu ekonomikoak eragiten dituen desberdinkerien, indibidualismoaren eta bazterkeriaren aurreko alternatibak proposatzeko batzen, artikulatzen eta gurutzatzen diren bi mugimendu dira, eta aldi berean, merkataritza-aukera bideragarria, bidezkoa eta iraunkorra eskaintzen dute, sozialki nahiz ingurumenari dagokionez.

Zehazki, Bidezko Merkataritza produktu jakin batzuen ekoizpenari eta komertzializazioari aplikatzen zaizkion irizpide etikoen multzo bat baino askoz gehiago da. Gizartea aldatzeko borrokatzen den nazioarteko mugimendu bat da, horretarako, egungo sistema ekonomikoa zuzentzen duten arau komertzial bidegabeak salatzen ditu, eta eredu alternatibo bat proposatzen du, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-justiziako irizpideek zuzendutakoa. Horretarako, hiru ardatzetan lan egiten du aldi berean: merkaturatzea, gizarte-mobilizazioa eta eragina.

Bidezko Merkataritzaren eragin positiboak askotarikoak dira eta ez dira maila ekonomikoan bakarrik ikusten, ingurumenean eta gizartean ere islatzen baitira; esate baterako, lan-baldintzak hobetzea, adierazpen-askatasuna edo/eta erabakiak hartzeko parte-hartzea sustatzen ditu.

Bidezko Merkataritza kontsumo arduratsu baten irizpideetan sartzean, kontsumitzaileak katearen azken maila bihurtzen dira, eta horrela, beren erosketekin, ekoizleen bizitza duina bermatzen duen ekoizpen- eta banaketa-sistema bat ahalbidetzen dute.

Bidezko Merkataritza eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa bateratuz, kontsumitzaileek kalitatezko gaiak beren irizpide etikoekin bat etorriz erosteko aukera dute (kontsumo arduratsuko beste aukera batzuekin batera), baita gizartearen aldaketan paper aktiboa izateko ere, gizarte berdintasunezkoagoa eraikitzeko.

Iturria: REAS