Pasa den ekainaren 30ean GEZKIk, UEUk eta EKOPOLek antolatutako “Trantsizio ekosoziala ekonomia sozialaren bidetik: zer egin hezkuntzaren esparruan?” jardunaldia egin zen Eibarren, UEUren 51. Udako Ikastaroen barruan.
Trantsizio ekosoziala lantzeko zer motatako dinamika eta materialak sortu diren ezagutzea izan zen jardunaldi honen helburua, Euskal herriko hezkuntza formal eta ez-formaleko esparru ezberdinetan (Eskola Publikoa, ikastolak, Lanbide Heziketa, Unibertsitatea eta Ingurugiro herri hezkuntzan).
Jardunaldian hiru ariketa mota bildu zituzten, elkarren osagarri: lehenik, bi hitzaldi inspiratzaile izan zituzten, Joseba Azkarraga (EHU-Ekopol) eta Charo Moranen (Garúa kooperatiba) eskutik, gaiaren kokapen teorikoan laguntzeko. Ondoren, Euskal Herriko zenbait hezkuntza-esparrutan egun abian diren ekimen batzuk partekatzeko mahai-ingurua antolatu zuten, besteak beste, bertan izan ziren unibertsitate-mailan, Lanbide Heziketan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan landuriko zenbait esperientzia. Ondoren, bi tailer antolatu ziren. Tailer bakoitzean esperientzia interesgarri baten lanketa sakonagoa egiteko asmoaz, parte-hartzaile bakoitzak hori bere esparrura nola eraman lezakeen pentsatzen laguntzeko. Azkenik, itxiera hitzaldia Nerea Zuluagak (Jauzi ekosoziala) eta Maialen Azpillagak (Sukar Horia) egin zuten, trantsizio ekosozialaren erronkak hezkuntzaren esparruan zeintzuk diren azalduz.
GEZKIko Enekoitz Etxezarretak UEUri emandako elkarrizketan esan bezala, “Helburu nagusia trantsizio ekosozialaren gaiari merezi duen ikusgarritasuna ematea da, kontuan izanda momentu honetan hezkuntzaren esparruan sakoneko eztabaidak daudela. Etorkizuneko hezkuntzak nolakoa izan behar duen herri bezala pentsatzen ari baldin bagara, nahi genuke jardunaldi honek trantsizioaren ikuspegia begien bistatik ez galtzen laguntzea. Beharrezko trantsizioen gaiari aurrez aurre begiratzen orain asmatzen ez badugu, auskalo nola begiratu beharko diogun gero, trantsizioak eskuen artean lehertzen zaizkigunean. Zentzu horretan, eraldaketa horiek hezkuntzaren esparruan ekonomia sozialaren logiketatik nola landu daitezkeen aletxoa jartzen asmatuko bagenu, pozik geundeke gu behintzat.”
Iturria: UEU