Unibertsitate Mintegia GEZKIk antolatua, Kooperatibetan eta Lan-sozietateetan bazkide-langile direnen lan-arloko eta gizarte segurantzako harremanen inguruan

31 maiatza, 2013 | Kategoriarik gabe

Hain zuzen ere, kooperatiba eta lan-sozietateetan (mugatuak edo anonimoak), bazkide-langile direnek duten harremana dagokion kooperatiba edo lan-sozietatearekin, bertako bazkide izanik eta bertan lan eginez, bitariko izaerakoa da, aldi berean harreman sozietarioa eta laborala gauzatzen direlako. Estatus juridiko konplexu honek gatazka juridiko-laboralak eragiten ditu.

Hori dela eta, GEZKItik antolatu duen mintegiak bi zati ditu. Lehenak, kooperatibetan eta lan-sozietateetan diharduten bazkide-langileen lan-arloko eta gizarte segurantzako harremanen esparru juridikoa aztertuko du, eta hizlaria Sylvia Gay Herrero Irakaslea izango da. Bigarren zatian, azken aldian gaiari buruz egon den jurispudentzia aztertu zen, eta hizlaria Gotzon Gondra Elgezabal izan zen, aipaturiko gaian abokatu aditua.

Azpimarra daiteke duela gutxi egon den kasua, kooperatiba bateko bazkide- langile batzuei derrigorrezko baja aplikatzen dienean kooperatibako asanbladak arrazoi objektiboengatik (ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak, edo ekoizpenekoak). Egitateak lan zuzenbideko kaleratze objektiboaren oso antzekoak izanik, (baita ere arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako, edo ekoizpenekoengatik), bazkide- langileek lan-zuzenbideak aurreikusten duen kalteordaina eskatu zuten, lanurte bakoitzagatik soldatako 20 egunekoa.

Kasua, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko 2609/2012 epaiak ebatzi du, urriak 30ekoa. Bertan, Auzitegiak demandantzaileen eskaeraren aurka ebatzi du, zuzenbide eta printzipio kooperatiboak aplikatu behar direla esanez, eta ez dela aplikatu behar, ez zuzenean eta ezta ere analogiaz, lan-zuzenbidea.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak babestu zuen Unibertsitate Mintegia.

Iturria: GEZKI