GEZKI eta Eusko Legebiltzarrak euskal unibertsitate eta legebiltzarkideen arteko Gizarte Ekonomia Jardunaldia antolatu dute

27 maiatza, 2013 | Kategoriarik gabe

Mintegia Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Baleren Bakaikoa GEZKI/UPV/EHU institutuko zuzendariak aurkeztu zuten. Jardunaldiaren sarrera egin ondoren, hiru euskal unibertsitateetako ordezkariek hartu zuten hitza: Saioa Arando MIK Mondragon Innovation Knowledgeko Koordinatzaile Zientifikoak, Alberto Atxabal Deustuko Unibertsitateko IEC Ikerketa Kooperatiboen Institutuko kideak eta Aitor Bengoetxea UPV/EHUko irakasle eta GEZKIko idazkariak. Guztiek euskal gizarte ekonomiaren garrantzia nabarmendu zuten unibertsitate ikuspuntutik begiratuta, eta sozioekonomia, legegintza zein ordezkaritza instituzionaleko alderdiak landu zituzten.

Jarraian, legebiltzarkideen tartea irekitzeko, Javier Carro Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunaren Batzordeko presidenteak eta Gloria Sanchez Lan, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeko presidenteak hitz egin zuten. Legegintzaldiz legengintzaldi euren batzordeetan gizarte ekonomiak izan duen garrantzia azaldu zuten. Ondoren, legebiltzarreko taldeetako ordezkarien txanda izan zen, eta banan-banan talde bakoitzak bere ikuspegitik euskal gizarte ekonomiak nolako garrantzia duen aztertu zuen. Felix Urkolak (Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos) hartu zuen hitza lehenik, eta gainontzeko taldeetako ordezkariek jarraitu zioten: EH Bilduko Xabier Isasik, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko Bixen Itsasok eta Populares Vascos-Euskal Popularrak taldeko Carmelo Barriok, hurrenez hurren. Ez ziren, ordea, parte hartu zuten legebiltzarkide bakarrak izan, gaian interesa duten beste legebiltzarkide batzuk ere bertaratu ziren entzutera.

Aurkezpenen ondoren, eztabaidarako tartea ireki zuten, eta Marco Antonio Rodrigok, GEZKIko zuzendariorde eta UPV/EHUko katedratikoak, gidatu zuen. Hainbat galdera egin zizkien mintegian parte hartu zutenei.

Gloria Sanchez, Baleren Bakaikoa eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren departamentuko zuzendariaren hitzekin bukatu ziren jardunaldiak. Mota horretako topaketa gehiago antolatzeko eskatu zuten.

 

Iturria: GEZKI