Teknologia eta nazioartean hedatzea, DANOBATGROUPen arrakastarako bide

13 martxoa, 2015 | Kategoriarik gabe

MONDRAGON korporazioko makina-erremintako dibisioa da DANOBATGROUP, eta Europako liderra makina-erremintak eta produkzio sistemak egiten. Taldeko 1.200 langileen artean, %90 bazkideak dira. DANOBATGROUPeko zuzendari nagusia den Iñigo Ucinek dioenez, enpresaren balioa pertsonen ezagutzan dago. Gaztetasuna eta esperientzia konbinatzeko gaitasuna da taldeak duen puntu indartsuetako bat; hau da, langile kualifikatuak eta negozioan oso inplikatuak daudenak kontratatzen ditu kooperatibak.

Konpainiaren lehiakortasun handia nazioartean duen presentziaren ondorio da. Enpresak filialak, lantegiak eta delegazioak ditu 11 herrialdetan. 250 langile inguru atzerrian daude, eta, aurreikusi dutenez, 2014ko fakturazioaren %92 nazioarteko negoziotik aterako da. Nazioartekotze horrek enpresa biziraunarazi du, Estatuko merkatua ez baita nahikoa, eta merkatu batzuen jaitsiera egoerak hobeto orekatzeko baliagarria izan zaio.

DANOBATGROUPek bere produktuak bi marka nagusiren bidez merkaturatzen ditu: SORALUCE, mandrinatzeko eta fresatzeko makinetan, fresaketan eta torneaketa bertikalen zentroetan espezializatua; eta DANOBAT, enpresa aditua zulaketan eta ebaketan, torneaketan, azterketan, material konposatuko piezen produkzioen automatizazioan eta tren-industrian giltza eskura irtenbideak ematen.

Kooperatibak ikerketa eta garapen zentroa ere badu, eta, bertan, 120 ikertzailek eta 30 doktore baino gehiagok lan egiten dute. Zentro horri esker, enpresak berrikuntza espezializatuak lortu eta goi-teknologiako produktuak sortzen ditu. Horrela, taldeak, espezializazioaz gain, dibertsifikazioa ere bilatzen du, bezero, sektore edota merkatu gutxi batzuekiko menpekotasuna saihesteko.

Iturria: ERKIDE