REAS, Garapenerako Lankidetzarako Euskal Kontseiluan: gero eta interlokuzio eta presentzia handiagoa gizartean

28 iraila, 2017 | Kategoriarik gabe

REAS Euskadi Garapenerako Lankidetzarako Euskal Kontseiluan parte hartzeko hautatu duten erakundeetako bat da. Aipatutako Kontseiluan, Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen barruan ez dauden baina garapenerako lankidetzan aritzen diren gizarte-eragileen ordezkaritza osatuko du.

Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 16.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua lankidetzarako eragileen ordezkaritza-organoa da. Garapenerako euskal lankidetza publikoaren esparruan, proposamenak, aginduak eta jarraipena egiteko gaitasuna du.

Kontseiluak ordezkaritza instituzionala dauka, ondoko erakundeen ordezkariek osatuta: Eusko Jaurlaritzako sailak, Emakunde, Eusko Legebiltzarra, foru aldundiak, EUDEL eta Euskal Fondoa, baita gizarte-eragileak ere, hala Euskadiko GGKE-en Koordinakundekoak nola Koordinakunde horren barruan ez dauden gizarteko, unibertsitateko eta bestelako esparruetakoak. Azken talde horretan parte hartzeko izendatu dute REAS Euskadi, hain zuzen.

Izaera instituzionaleko kontsulta-organo honetan parte hartzeaz gainera, Gizarteratzeko Euskal Kontseiluan eta Eusko Jaurlaritzako Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Elkarrizketa Zibilerako Mahaian ere hartzen du parte, eta harremanak eta/edo hitzarmenak ditu beste erakunde batzuekin, hala nola, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Ekonomia Sozialaren Euskal Behatokiaren Kontseiluarekin.

Espazio horietan parte hartzearen xedea da REAS Euskadiren interlokuzioa eta aintzatespena handitzea; estrategia hori, instituzioetan ezartzeaz gainera, gizartean ere aplikatzen du. Modu horretan, REAS Euskadik gizartearen eta herritarren beste espazio batzuetan parte hartzen du, hainbat plataformaren bitartez, adibidez: Fiare Banca Etica eta Fiare proiektua babesteko euskal elkartea, Goiener (Energia berriztagarria sortu eta kontsumitzearen aldeko kooperatiba), EGES (Ekonomia Sozialaren Euskal Sarea), Ekain (Euskadin Gizarteratzeko Sareak), Sareen Sarea (Euskadiko Hirugarren Sektoreko Sareak), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna eta EHan TTPI/CETAri Ez kanpaina.

Era berean, proiektuak partekatu, eta bi aldeko kontaktu edo harremanak ditu beste eragile batzuekin, besteak beste, erakunde eta mugimendu sozialekin, unibertsitateekin, sindikatuekin, alderdi politikoekin eta abarrekin.

Modu horretan, REAS Euskadik Euskadiko eragile instituzional eta sozialen aurrean duen aintzatespena handitu nahi du, baita ekonomia solidarioaren proposamenak agenda sozial eta politikoetan gehitu ere. Halaber, esanguratsuak izango diren eraldaketak lortzeko beharrezko loturak estutu eta aliantzak ezarri nahi ditu, REAS Euskadiren aukeretatik eta esparrutik harago heltzeko xedez.

ITURRIA: REAS EUSKADI