XI Rulescoop Kongresua

29 iraila, 2017 | Kategoriarik gabe

Pasa den irailaren 6, 7 eta 8an Costa Ricako Unibertsitatean Gizarte Ekonomia eta Solidarioko XI Rulescoop Kongresua egin zen, bertan Latinoamerikako eta Europako 23 unibertsitatetatik iritsitako ikertzaile eta adituak eta gobernuetako kideak parte hartu zuten.

Kongresua CICAPak (UCRko Administrazio Publikoko Ikerketa eta Trebatze Zentroa) eta Rulescoop Sareak antolatu zuten,  eta helburu nagusia arloko akademikoak, ikertzaileak,  gobernuetako eta Gizarte Ekonomiako adituak elkartzea izan zen, ikerlanetako emaitzak eta aurrerapenak ezagutu eta eztabaidatu ahal izateko.

Gai nagusia “Gizarte Ekonomiako harremanak gizarte jasangarri eta barneratzaile baterako, eta loturak bere jatorriarekin, Zuzenbidearekin eta garapenarekin” izan zen, eta honen inguruan eztabaidatu ahal izan zuten bertaratu ziren 100 parte hartzaile baino gehiagok.

GEZKI Institututik, “Gizarte Ekonomiaren inklusioa Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketetan” azterlan kuantitatiboa aurkeztu zen, Gizarte Ekonomiak EHUko ikasketetako programa akademikoetan duen presentzia ikertzen duena eta honen errealitatea islatzeaz gain etorkizunean hobetzeko erronkak aurkezten dituena.

Kongresuaren itxiera ekitaldian, CICAPeko Zuzendaria den Mayela Cubillo pozik azaldu zen lortutako emaitzekin; egun hauetan zehar, parte hartzaileek hainbat ideia eta proposamen partekatzeaz gain, Gizarte Ekonomiak mundu barneratzaileago eta demokratikoago bat lortzeko aktore garrantzitsua dela aztertu baitzuten. Zuzendariaren hitzetan “Ikerketa eta Trebatze zentroak bere eginkizuna bete du”.

Azpimarratu behar da, Costa Ricako Gobernuak Gizarte Ekonomia eta Solidarioko enpresa, entitate eta taldeen garapena, sorrera, sustapena eta formalizazioa interes publikoko gai deklaratu dituela, beraz, momentu ezin hobea Kongresua lurralde honetan egiteko.

Bestalde, ekitaldian omenaldia egin zitzaien 2005 urtean Rulescoop Sarea sortu zuten unibertsitateei, hauen artean, Euskal Herriko Unibertsitatea, Valentzikoa, Madrileko Konplutentsea, Erroma III, Bretañakoa, Costa Ricakoa, Chilekoa, Bogotako Javeriana, Unisinos eta Uruguayko Errepublikakoa.

Funtsean, Kongresua aukera bikaina izan zen nazioarteko aktore eta taldeak elkartzeko eta hauen arteko elkarlana sustatzeko, Gizarte Ekonomiako gaietan aurrera pausuak eman daitezen helburuarekin.

Azkenik, CICAP Zentroari eskertu momentu oro jasotako arreta, emandako harrera eta Kongresuaren antolaketa bikaina.

Ane Etxebarria.