Nazioartean hedatzea, Ulma taldearen emaitzen gakoa

17 iraila, 2015 | Kategoriarik gabe

Azken urteroko txostenaren arabera, Ulma Taldeak, Mondragon korporazioko enpresa talde handienetakoak, azken urteotako salmenten beherakadari aurre egitea lortu du, nazioarteko posizionamendua hobetzeari eta arriskua dibertsifikatzeari esker.

Ulma Taldeak 61 enpresa filial ditu mundu osoan zabalduta, eta salmentak gune geografiko ezberdinetan dibertsifikatuak ditu: %53 Europan, %19 Latinoamerikan, %15 Ipar Ameriketan, %11 Asian, eta gainontzekoa, Afrikan eta Ozeanian.

2014ko ekitaldiaren itxieran 4.350 langile zituen taldeak; horien artean, %80tik gora bazkidea da eta ia %49 nazioarteko filialetan dago. Bestalde, salmentak 666 milioi eurotara iritsi ziren, eta kopuru horren %77 atzerriko merkatuetan lortu zuten.

Aurten, Ulma Taldeko zortzi negozioak (Agrícola, Architectural Solutions, Carretillas Elevadoras, Construction, Conveyor Components, Handling Systems, Packaging eta Piping) euren garapen planak mantentzen ari dira, nazioarteko hedapenean, berrikuntzan eta jarduera berrietan oinarrituz. Helburua 719 milioi euroko salmentak gainditzea da, eta %80 nazioarteko merkatuetan lortzea aurreikusten dute.

Iturria: TULANKIDE