MONDRAGON 2015 kongresua

17 abendua, 2015 | Kategoriarik gabe

Azaroaren 25ean Mondragon korporazioaren 2015eko kongresua egin zen Donostian, eta 650 konpromisariok hartu zuten parte bertan, kooperatiba-taldeko enpresa guztien ordezkari gisa.

Kongresuak bi zati izan zituen: batean, ohiko gaiak landu ziren, eta, bigarrenean, 'Etorkizuneko Mondragon' proiektuaren egoera aztertu zuten. Lehenengo zatian, kooperatiba berriak taldean sartzeari buruz aritu ziren; esate baterako, GRS, egoitza-zerbitzuen kudeaketan diharduen kooperatiba. Era berean, korporazioaren aurrekontua berretsi zen, baita Kongresuko Batzorde Iraunkorreko nahiz Mondragoneko Kontseilu Nagusiko presidenteek, Javier Goienetxeak eta Javier Sotilek hurrenez hurren, aurkeztutako kudeaketa-txostenak onartu ere.

Zentzu horretan, Javier Sotilek Mondragonen eboluzioari erreferentzia egin zion. "2015ean aurreko urteko salmentak gainditu eta 1.300 lanpostu sortu dira industria-arloan". 2016an, berriz, aditzera eman zuenez, "krisialditik gatoz eta etorkizun ezjakina daukagu". "Ezinbestekoak izango dira konfiantza eta ilusioa, gure aniztasunetik abiatuz kooperatzea, eta gure gizartea eraldatzen lagunduko duten negozio errentagarri eta jasangarri berriak garatzea. Eta elkarrekin egin behar dugu, gehiago eta hobeak garelako, gazteei ilusioa transmitituz, aldaketaren sortzaile izanez eta handira jokatzen".

Biltzarreko bigarren zatiari dagokionez, Mondragoneko Kontseilu Nagusiko presidenteak 'etorkizuneko Mondragon' proiektuaren bigarren fasea aurkeztu zuen. Organo korporatiboek landutako proiektu hori kooperatibei aurkeztu zitzaien, eurak ekimenaren definizioan parte har dezaten. Egitasmoaren lehen fasea iazko batzarrean aurkeztu zuten, eredu kooperatiboaren zein bere printzipio eta balioen indarra eta jadanekotasuna azpimarratzeko. Eredua bera kooperatibetatik eraikitzen dela nabarmendu zuten; eurak direla beraien erabakien eta etorkizunaren arduradun, enpresa-eredu bera partekatzen dutela, eta interkooperazio eta elkartasun tresnetan oinarritzen direla.

Javier Sotilek jakinarazi zuenez, momentuotan kooperatibek jaso dituzte jada Batzar Iraunkorreko eta Kontseilu Nagusiko kideek osatutako batzordeetan landutako dokumentuak, Etorkizuneko Mondragon horretarantz bidea egiten jarraitzeko. Dokumentu horiek zerikusia dute balio kooperatiboen, antolakuntza-ereduaren eta erronkei aurre egiteko interkooperazio-tresna finantzarioen sendotasunarekin. "Kooperatiben parte-hartze prozesuan gaude, bete-betean. Ostera, horiengandik jasotako feedbackarekin, behin betiko hitzaldian prestatuko ditugu, 2016ko Kongresuan eztabaidatu eta onartze aldera".

Iturria: TULANKIDE