Langileek enpresaren kudeaketan parte hartuko balute, talentuek alde egitea ekidingo litzateke

30 ekaina, 2015 | Kategoriarik gabe

Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, ASLEk, euskal enpresei deia egin die, langileek kudeaketan parte hartzearen onurez ohartarazteko. Horrela, talentua duten pertsonek kanpora alde egin ez dezaten lortu nahi dute, egungo euskal ekonomiaren gaitz handienetakoa baita hori.

ASLEko gerente Josetxo Hernándezen hitzetan, talentuaren ihesak eragin garbia du enpresen garapenean, berrikuntzarako beharrean eta, azken finean, lehiakortasunean. Langileek enpresaren kudeaketan nahiz kapitalean parte hartzeak "konpromisoa, malgutasuna, gizarte-kohesioa, lan-egonkortasuna, enpresarekiko identifikazioa eta dinamismoa" bezalako balioak bultzatzen ditu, adierazi du Hernándezek.

"Lan-sozietateetan, adibidez, langileak enpresako bazkide dira, eta enpresotan, besteekin alderatuz, krisiarekiko jokabide hobea dugula erakutsi dugu". Euskal lan-elkarteek hazkunde nabarmena izan zuten 2014an, bai enpleguan (%2,7) eta bai fakturazioan (%3,2).

Zentzu horretan, ASLEko arduradunen arabera, langileen parte-hartzea bultzatzeko erreminta ezberdinak daude. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak "Innobideak Pertsonak Programa" abiarazi du, langileek gestioan nahiz akzioetan parte har dezaten suspertzeko.

Iturria: ASLE