ASLEko kide diren enpresak langile kopurua %2,7 gehitu dute 2014an, eta fakturazioak gora egitea lortu zuten %3,2, 578 milioi eurora iritsi arte.
Euskal Autonomia Erkidegoan 659 lan-sozietate daude. Iaz baino 143 langile gehiago dituzte aurten, 6.648 guztira. ASLEko kide diren sozietateetan, gainera, sortutako lanaren %83 biltzen da.
ASLEko presidenteak, Carlos Pujanak, eta gerenteak, Josetxo Hernández Duñabeitiak, 2014ko enpresa-bazkideen jarduera ekonomikoaren balantzea aurkeztu dute. Emaitzak, zuhurki, baikorrak direla esan daiteke; azken zenbakiak ikusita berri onik badagoela eta “era progresiboan, pixkanaka, krisia gainditzen ari garela” ondorioztatu daiteke.
Gainera, errekuperazio hori barne-merkatuaren hobekuntzan oinarritu dela aipatu zuten, nazioarteko hainbat merkaturen ezegonkortasunak esportazioei kalte egin baitzien. Dena den, ASLEko enpresek salmenten %28 atzerrian egin zituzten.
Egun, ASLEko datuen arabera, kide diren lan-sozietateen %21k onurak ditu, %61k kontu orekatuak ditu, %15ak arrazoizko galerak ditu eta %3 egoera txarrean dago.
ASLEko zuzendariek krisian dauden enpresen langileei euren lan-sozietate propioa sortzea aholkatu diete, konpainiek aurrera egin dezaten. Haien ustez, lan-sozietateek eskaintzen duten “eredua oso balekoa da langileen partaidetzan oinarritutako kudeaketa duen enpresa gisa”.
Zentzu horretan, ASLEko zuzendariek nabarmendu dute taldeak 28 lan-sozietate berri sortzen lagundu duela 2014an, horietatik 16 krisian zeuden enpresetatik sortuak. Zehazki, iazko bi kasu aipatu zituzten, antzinako Grumal Fagor eta Azkue Altzariak; izan ere, figura juridiko horretan eraldatu izanak ateak zabalik mantentzeko aukera eman die.
Testuinguru horretan, ASLEko nagusiek enpresen birmoldaketa prozesuan Gizarte Segurantzak egindakoa kritikatu zuten. Josetxo Hernándezek esan zuenez, Gizarte Segurantzak zailtasunak dituzten enpresen birmoldaketa erraztu baino oztopatu egiten du, enplegua sustatu beharrean dirua biltzea baita haien kezka nagusia. Horrez gain, Gizarte Segurantzaren jarrera Ogasun sailak egindako planteamenduarekin alderatu zuten. Ogasunak birmoldaketa prozesuak ulertzen dituena azaldu dute, eta “enplegua mantentzeko erraztasunak eta aukerak” emango dituela.
Iturria: Noticias de Gipuzkoa