Rosa Lavinek (Konfekoopeko lehendakaria) eta Leire Mugerzak (Mondragoneko Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko lehendakaria) kooperatibismoak gizarteari nahiz herriari egiten dioten ekarpena nabarmendu dute BERRIAn emandako elkarrizketan.
Biek ongi ezagutzen duten eredua da, sustraiak ondo errotuak dituena lurrean eta herrian. Enpresa egiteko beste modu bat posible dela aldarrikatu dute. Gainera, azkenaldian arretagunea Euskal Herrian jarria dute mundu osoko kooperatibek.
Rosa Lavinek dioenez, munduan erreferentzia bat da Euskadi, hemengo kooperatibismoak dituen ezaugarriengatik. Horien artean nabarmentzekoak dira kooperatiben aniztasuna, internazionalizazio, inbertsio eta berrikuntza maila. Honetaz gain, Mugerzaren hitzetan, “elkartasuna oinarrizko printzipio bat da guretzat: balioa dauka, ez bakarrik beharra dagoenean edo zailtasunak daudenean laguntza ematen dugulako, baizik eta elkarrekin proiektuak egiten ditugulako”.
Kooperatibismoaren balioak gero eta indartsuago daudela kontsideratzen dute, beste enpresa eredu batzuk kooperatibetan begiak jartzen hasi baitira, “pandemiarekin agerian geratu zen enpresek ez ezik gizarteak ere elkartasun balioetara itzultzeko beharra duela, indibidualismotik aldendu eta kolektibotasunera itzultzeko”.
Errotzea kooperatiben baliorik handienetako bat da, Mugerzak dioenez “errotzea oinarria da. Inguruarekin lotuta egoteak ematen dizu zure inguruaren garapenarekin jarraitzea: kultura, herria, ezagutza, gazteak, nagusiak… denekin daukazu konpromisoa. Gaur egun ez ditugu lehen zituzten behar berberak, beste batzuk ditugu, eta horiei gure ereduarekin eta egiteko moduarekin erantzun diezaiokegu”.
Kooperatiben arteko saretzeaz aritu dira baita ere, sarean lan egitearen garrantzia azpimarratu dute biek. Lavinen ustez, Mondragon sarean lan egitearen adibidea da, interkooperazioa beste balorerik garrantzitsuenetako bat da, eta bere ustez, hauek badakite hau nola egin. Gainera, kooperatibei elkarrekin lan egiteko tresnak eta laguntzak ematearen garrantzia azpimarratu du.
Bestalde, kooperatibek sortzen duten enplegu motari buruz hitz egin dute. Lavinen hitzetan “Enplegu duina kooperatibek sortzen dutena da: egonkorra, kalitatezkoa, jasangarria, lan osasuna zaintzen duena, kontziliazioa bermatzen duena, malgua eta zure ibilbide profesionalean aldatuz joango diren beharretara egokitzen dena, formakuntza eskaintzen duena, garapen profesionala ahalbidetzen duena, berritzailea dena… Horri guztiari lotu behar zaio modu demokratiko eta parte hartzaile batean egiten dugula”. Mugerzak gaineratu du lana da zuk enpresari eskaintzen diozuna dela, “gu jabeak gara, lana eskaintzen diogulako. Beste eredu batzuetan kapitala da: dirua jartzen duzu, eta erabakimena duzu; gure kasuan, ez. Guk eskaintzen diogunak balio oso garrantzitsua dauka, eta, gainera, jabegoa ematen dizu”.
Emakumeak goi karguetara heltzeko aukerei buruz hitz egin ahal izan dute baita ere. “Datuei erreparatu besterik ez dago: administrazio kontseiluen edo erabaki organoen osaketei begiratuz gero, kooperatibetan kopurua handiagoa da enpresa eredu tradizionaletan baino. Horrekin ez dut esan nahi gurean ere egiteko lan asko geratzen ez denik, sektoreka, adibidez, alde handiak aurkitu daitezkeelako oraindik” dio Lavinek.
Elkarrizketa osoa hemen
Iturria: Berria