José Luis Coraggio-ri elkarrizketa

23 apirila, 2015 | Kategoriarik gabe

José Luis Coraggio (Argentina, 1938) ekonomialaria eta ikertzailea da, bai ekonomia eta eskualdeen eta hirien planifikazioaren eremuan, bai ikerkuntzaren metodologian eta planifikazioan, bai gizarte-politiken azterketan eta ekonomia sozial eta solidarioan.

Irakasle emeritua da Sarmiento Jenerala Unibertsitate Nazionalean, irakasle ikertzaile tituluduna hiriko ekonomia-sistemetan unibertsitate bereko Conurbano institutuan, eta gizarte-ekonomiako maisutzako akademian zuzendaria 2003. urtez geroztik.

Gainera, Ekonomia Sozial eta Solidarioko Latinoamerikako Ikertzaileen Sareko (RILESS) koordinatzaileetako bat eta fundatzailea da. Sare horren laguntzaileak dira Gizarte Ekonomiako Maisutza, UNISINOSeko (Brasil) UNESCO Katedra, FLACSO (Ekuador) eta Mexiquense eskola (Mexiko). Bestalde, aipatutako sareari lotutako Otra Economía aldizkariko zuzendaritzako kidea ere bada da.

Aholkulari aditua izan zen URB-AL programaren sare tematikoan, 'Hiriko gizarte-politikak' arloan. Programa hori Europar Batasunak babestu eta Montevideoko Udalak koordinatzen zuen. Kontsultari bezala ibili da ekuadortar gobernuko hainbat ministeriorentzat, ekonomia sozial eta solidarioko politiken inguruan.

Galdera batzuk erantzun ditu, laburki, Donostian izan baita “Latinoamerikako eskarmentuaren ondorioz Ekonomia Sozial eta Feministari buruzko eztabaidak: 'Andeetako eskualdearen eta Euskadiren arteko loturak' hitzaldia dela eta.

 

Zein da Latinoamerikako ekonomia sozial eta solidarioaren egoera?

Ekonomia sozial eta solidarioa pil-pilean dago gaur egun, nahiz eta aspalditik ezaguna zaigun kontzeptua; hein handi batean, joan den mende hasieratik europar etorkinek ekarri izan duten kooperatibismoa eta mutualismoa dela eta. Hala ere, egun, mende bukaerako krisia jazo zenetik, baztertze masiboaren arazoa sortu da, eta gobernuek janari banaketa bezalako gizarte-laguntzan oinarritutako politikak egitetik beste printzipio batera igaro dira: “arraina eman beharrean, eman diezaiegun arrantzatzeko kanabera”. Horrela, mikro-ekintzailetza sortu nahi dute, eurak ekoiztu dezaten eta diru-sartzeak sor ditzaten. Politika hori Latinoamerikan orokortzen ari da, eta horri ekonomia soziala eta solidarioa deritzo. Hala ere, badaude Ekuador, Bolivia edota Venezuela bezalako esperientziak, non beste gauza batzuen inguruan hitz egiten dugun; ekonomia-sistema osoari buru, hain zuzen. Hori da berritasun handiena.

Gobernu latinoamerikarrek ekonomia sozial eta solidarioaren alde benetan apustua egiten ari direla antzematen al da, ekonomia eta gizarte politiketan joera aldaketa bultzatze aldera?

Aldaketa antzematen da bai. Ekuadorreko konstituzioan herri-ekonomia solidarioa terminoa sartu zuten, eta ekonomia-sistema soziala eta solidarioa izan behar duela azpimarratu zuten. Bolivian, ordea, komunitatea oinarri duen ekonomia pluralaz hitz egin dute. Venezuelan enpresa komunitario-publikoak sortzeaz ari dira, eta beste herrietan ez dago horrelako indarrik. Hala ere, joera hori eragina izaten ari da, eta jarraitzaileak ditu. Itxura juridikoa hartzen ari da legeen bidez, baina bereziki praktika berriak sortzen ari dira, garai bateko historia horretatik abiatuta baina are gehiago indartuz.

Euskadin dagoen ekonomia sozial eta solidarioa ezagutzen duzu? Zein iritzi duzu horren inguruan?

Oso gutxi ezagutzen dut. Arrasate ezagutzen dut, noski; denok aztertzen dugu han gertatzen dena eta bizi duen garapena, baina ezohiko kasua da mundu osoan. Bidaia honetan egoera normalagoak bilatzen saiatu naiz. Atentzioa eman dit ikusi dudan ardura maila, sare-antolaketa, jarduerak, banku etikoa garatzeko apustua, ekonomia sozial eta solidarioa ardatz duten programa kooperatiboak, sortzen ari diren prestakuntza-programak, eta aspalditik dagoen kooperaziorako kultura; hori guztia oso garrantzitsua dela uste dut. Ezin dut azterketa zehatzik egin, baina harridura eta poza transmititu nahiko nuke hainbeste mintzaide ikusita.

Elkarrizketa osoa: URL

Iturria: OVES/GEEB