IRITZI ARTIKULUA: EKINTZAILETZAN HEZIKETA. UNIBERTSITATE GARAITIK EKINTZAILE TALDEAK SORTZEN.
Aitor Lizartza – Mondragon Team Academy – Enpresagintza Fakultatea – Mondragon Unibertsitatea
Ekintzailea sortu edo egin egiten da? Hortxe dago koska negozio propioa martxan jarri edota existitzen den enpresa batean negozio berria abiarazi nahi dutenentzat. Adituek baietz diote prestakuntza ezinbestekoa dela, ekintzaile jaiotzen direnak oso gutxi baitira eta gainontzekoek izaten ikas dezakete, zalantzarik gabe. Egia da ez duela ezer bermatzen, baina hobe da prestakuntza izatea, seguru gure garapen profesionalean eta pertsonalean laguntzen digula.
Ekintzaile izatearen kontzeptua modan dago gaur egun, gehiegi agian, burbuila bat sortzeko arriskua ere badago, errealitatea zaila baita eta ez da erraza ikastea ekintzaile izaten.
Atzera begiratzen badugu, historikoki negozio eskolak izan ziren lehenak programak eskaintzen, edo horien parte batzuk behintzat, behar hori asetzeko, negozio propioa abiarazteko planaren ikuspuntutik. Gerora beste erakunde batzuetara hedatu da, esaterako: unibertsitateak, entitate publikoak, etab. Argi dago programen eskaintzek gorakada izan dutela eta gizarteak, oro har, eskatzen duela.
Mondragon Unibertsitatean urte asko daramatzagu ekintzailetzaren alde lan egiten, batik bat, Mondragon kooperatibak ibilbide ekintzailean duen eskarmentua dela eta. Lan horren ondorioz sortu zen Mondragon Team Academy ekintzailetza unitatea 2008ko apirilean, eskarmentu kooperatiboaren hastapenetan izaera ekintzailea sustatzeko eta errazteko. Beraz, 2009ko irailean, Gradua Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan abiarazi genuen Enpresagintza Fakultatean, eta gaur egun ia 500 gazte ekintzaile ditugu taldetan (horietatik 60 baino gehiagok lehen promoziotan graduatuak) benetako enpresa eta proiektuak garatzen. Gogorazi nahiko genuke estatuan ekintzailetzan dagoen gradu ofizial bakarra dela. Hortaz, management arloaren barruan kokatzen den diziplina berri bati buruz ari gara eta horrela lantzea komeni da, ekintzailetzaren eremuan espezialistak behar ditugu ezin baita soilik zeharka landu.
Ekiten ikasten da ekintzaile izaten, ez dago beste modurik, hori argi dugu; eta taldean bada, eragina handiagoa izango da. Egiten ikastea eta taldea bera Team Academyren (Tiimiakatemia Finland) ezaugarri nagusienak izan dira 1993an Jyväskylä University of Applied Sciencesen sortu zenetik, ekintzailetzaren heziketan erabateko izaera apurtzailea izanik. Berrikuntza disruptiboaz ari gara, bai heziketa arloan bai unibertsitatean, normalean elkarrengandik hain urrun izan diren unibertsitatea eta negozioen mundua elkar gerturatzeko asmoz.
Beraz, gure apustua ekintzailetzarako eta berrikuntzarako ekosistemak sortzea da; eta bertan unibertsitateak ekintzaile rola izatea, enpresekin, enpresa-sehaskekin eta entitate publikoekin elkarkidetzan. Horrela, ekintzaile berriak izango ditugu unibertsitatean bertan euren ametsak eta proiektuak aurrera atera ahalko dituztenak, historia horren protagonista bihurtuz. Hortxe dago koska.
Don Jose Maria Arismendiarrieta (1915-1976) jaiotzaren 100 urteurrenean, gaur inoiz baino gehiago, eskarmentuaren balore kooperatiboak jarraituz, taldeko ekintzailetza heziketa gure gizarte eta ekonomia eraldatzeko bidea izan daiteke.
Berak zioen bezala, “Berritu edo hil. Bizitasunaren ezaugarria ez da irautea aldatzea baizik, eta etorkizuna kontuan izatea”.
Aurrera, beti aurrera.