Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia, lantalde berria

31 maiatza, 2016 | Kategoriarik gabe

Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia, lantalde berria

Aire berriak datoz Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokitik. Izan ere, hiru lagunez osaturiko lantalde berriak hartuko du Behatokiaren lekukoa. Lantalde berri hau, jadanik zehazturik dauden hiru eremuez arduratuko da, hala nola: alor juridikoaz, sozio-ekonomikoaz eta baita akademiko/zientifikoaz ere.

Lehenik eta behin, eta arlo juridikoari dagokionean, Ane Etxeb    arria Rubio izango dugu arduradun. Gizarte Ekonomiaren esparruan txosten juridikoak egiteaz gain, gai honen inguruko legedi, deialdi eta bestelako berri politikoen eguneraketa ere egingo du. Ane Zuzenbidean lizentziatua da, eta UPV/EHUko Gizarte Ekonomiako Master Ofiziala egin ondoren, ASLEn ere aritu zen denbora batez, beraz Gizarte Ekonomiako errealitatea gertutik ezagutzen du.

Bigarrenik, Gizarte Ekonomiako ikuspegi sozio-ekonomikoaren inguruan lan egingo duen pertsona, kasu honetan Irati Labaien Egiguren, Euskal Herriko Gizarte Ekonomiaren ikuspegi sozio-ekonomikoa islatzeaz arduratuko da. Besteak beste, bere zereginen artean, urteroko txostenaren elaborazioa, gai hauen inguruan web-orria gaurkotua mantentzea, Gizarte Ekonomiako erakunde desberdinen inguruan dagoen datu-basearen eguneraketa, eta datu-base honen ustiapenari bultzada berritzaile bat ematen saiatuko da. Iratik, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu ondoren, Globalizazio eta Garapenaren inguruko Masterra ikasi zuen, eta Garapenari Buruzko Ikasketetan Doktoretza amaitu zuen 2014an. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia Aplikatua III Sailean (Ekonometria eta Estatistika) irakasle ere bada.

Azkenik, Leire Oregi Etxeberria-Berreyarza dugu, eremu akademiko/zientifikoaren erantzulea. Gizarte Ekonomiaren inguruan argitaratutako artikulu, ikerlan, eta bestelako lan akademikoen jarraipena eta sistematizazioa egiteaz arduratuko da. Leire, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta UPV/EHUko Gizarte Ekonomiako Master Ofizialeko lehen promozioko ikaslea izan zen 2014/2015 ikasturtean. Gizarte Ekonomiako esparruan murgildurik ibili da masterreko urtetik, eta besteak beste, Gezki Institutuan, Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Inkubagailuen gaietan ikerlari moduan lanean aritu da. Sektorea hurbiletik ezagutzeko aukera izan du beraz Leirek.

Hiru lan-eremu hauek elkarrekiko duten lotura banaezina kontuan hartuta, Anek, Iratik eta Leirek, elkarlanean oinarritutako lantaldea sortzea ezinbestekotzat jo dute. Honetaz gain, hiru lagun hauek alor desberdinetatik badatoz ere, badute batzen dituzten hamaika balore. Ekonomia zuzentzen duen korronte nagusiak bistan utzi dituen gabezien aurrean, Ekonomia Sozial eta Solidarioak eskain ditzakeen potentzialtasunak indartzea beharrezkoa dela uste dute, pertsona oinarritzat hartzen duen garapenaren bidea hartuaz.

Ane, Irati eta Leire gogotsu datoz Gizarte Ekonomiaren sozializazioa sustatzera, eta nola ez, behatokiari merezi duen bultzada ematera. Zorte on neskak!

Harremanetarako:

Ane Etxebarria (gezki.teknikaria@ehu.eus), tlf. 943017462

Irati Labaien (gezki.ekonomia.teknikaria@ehu.eus), tlf. 943017462

Leire Oregui (gezki.zientifikoa.arduradura@ehu.eus), tlf. 943017482

 

Iturria: GEZKI.