Iritzia: Ignacio Bretos, “Gizarte Ekonomia eta Krisi Ekonomikoa: Datu estatistikoak izatearen garrantzia sektoreko emaitzak hobeto ikustarazteko”

23 urria, 2015 | Kategoriarik gabe

Ignacio Bretos.

GEZKI – Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua.

Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia (OVES/GEEB).

 

 

2008.urtetik jasaten ari garen krisi ekonomikoaren baitan, Euskadiko gizarte-ekonomia sektoreko erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarekin alderatuz, egoera zail horri egoera hobean erantzuteko gai izan dira. Zentzu horretan, suntsipen eta ezegonkortasun egoera larrian egon arren, lanpostuak mantentzen eta sortzen ari dira, lan-baldintza duinekin.

 

Kooperatibak eta lan-sozietateak balio solidario eta demokratikoekin lotura duten enpresa-proiektuak aurrera ateratzen ari dira; pertsonak kontuan hartzen dituztenak. Enplegu zentro bereziak eta gizarteratzean lan egiten duten enpresek lan paregabea egiten ari dira laneratzean eta gizarteratzean, enplegua lortzeko zailtasun gehienak dituzten kolektiboei bideratua; bereziki pertsona hauentzat lana aurkitzeko zaila izaten ari den garai honetan.

 

Gizarte-ekonomiaren baitan dauden beste entitate batzuek, elkarteak eta fundazioak zehazki, profesionalizazio handiagoa bizi dute; hau da, boluntario gisa lan egitetik lan ordaindua egitera pasa dira. Beraz, krisi garaian enplegua sortzeko gai izan dira. Oinarri S.G.R-k, gizarte-ekonomian espezializatua dagoen Estatuko elkarren bermerako sozietate bakarrak, euskal gizarte-ekonomiako entitate askori abalak eman dizkie krisi urtetan. Horrela, erakunde askoren ekonomia jarduera garatzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. Nekazaritzako eraldaketarako sozietateek eta arrantzale-kofradiek nahiko ondo ari dira krisiari eusten, bakoitza bere sektorean.

 

Gizarte-ekonomiaren egoeraren inguruan Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak (OVES/GEEB) eginiko zenbait ikerketa hala diote: euskal gizarte-ekonomia ohiko ekonomia baino hobeto ari da krisia jasaten, bai enpresa eta enplegu kopurua eusteko lanetan bai ekonomian alorrean.

 

Hala ere, ikerketa horiek mugak ere badituzte; bereziki, krisi garaian, gizarte-ekonomiaren baitan dauden entitate guztien gaineko datu estatistiko osoak, homogeneoak eta jarraituak falta direlako.

 

Gizarte-ekonomiako sektorean pisu gehien duten entitateei dagokienez, kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu zentro bereziak eta gizarteratzean lan egiten duten enpresak esaterako, informazio eta datu gehiago dago eskuragarri eta, askotan, publikoak dira. Datuak biltzeko zailtasun handiagoak topa daitezke, aldiz, errealitate horren parte diren beste entitate batzuetan.

 

Laster argitaratuko den OVES/GEEB-k eginiko “Economía Social Vasca y Crisis Económica: análisis de su evolución socioeconómica entre 2009 y 2013” lanak dioen bezala: gizarte-ekonomiak, bai termino absolutuetan bai termino erlatiboetan, krisiari hobeto egiten dio aurre sektoreko entitate guztien datuak kontuan hartzen dituenean, eta ez bakarrik tradizionalki gizarte-ekonomiaren parte kontsideratu diren kooperatibak eta lan-sozietateak.

 

Funtsezkoa dirudi, beraz, Euskadiko gizarte-ekonomia sektorearen baitan dauden entitate guztien datu estatistiko zehatzak, osoak, homogeneoak eta jarraituak izatea. Pentsatzekoa denez, horrek gizarte-ekonomia hobeto ikustarazteko bidea erraztuko luke, krisia gainditzeko irtenbide soziala eta justua lortzeko. Gainera, gizarte-ekonomiako entitateen negoziatzeko gaitasuna eta posizioa indartuko luke, eztabaida sozialaren alorrean eta administrazio publikoen aurrean; horrela, gizarteak hobeto ezagutuko luke errealitate hori.