Martxoak 27, 18.30ean, Bilboko Erreprodukzio Museoan, Fiare Banku Etikoaren inaugurazio ofiziala egingo da; bertan, Banku Etikoaren zuzendaria den Ugo Biggeri, administrazio-kontseiluko kideak eta bankuko bazkide zein langileen ordezkariak egongo dira. Azken horiek, protagonista nagusi izan dira proiektua Estatu osoan garatzeko garaian.
Ekitaldian parte hartuko dute Ugo Biggerik, Banku Etikoaren presidenteak; Peru Sasiak, entitateko kontseilariak; Juan Garibik, Fiare Banku Etikoaren zuzendariak; Cristina de la Cruzek, etika-batzordeko kideak, eta Beatriz Oliverrek, Fiare eremuko bazkideen erreferenteak. Beste pertsona batzuekin batera, partaideek proiektuaren historia, zentzua eta helburua aurkeztuko dute.
Fiare Banku Etikoa finantza etikoan oinarritutako bi proiektu batuz sortu zen: Popolare Banku Etikoa, 1999tik Italian martxan dagoen banku kooperatiboa, eta Fiare, 2005etik Espainian ari dena. Biak gizartearen eraldaketaren zerbitzura egoteko tresna gisa sortu dira, gizarte-ekonomiako eta ekonomia solidarioko proiektuen finantziazioaren bidez. Gainera, finantza-bitartekotzaren kultura sustatu eta gardentasuna, partaidetza, demokrazia edota kreditua bezalako eskubideen alde egiteko xedea dute.
Pertsonen eta erakundeen aurrezki-gordailuak erabiltzen dira garapen kooperatiboa, balio eraldatzailea, agroekologia, garapenerako lankidetza, bidezko merkataritza eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka finantzatzeko. Finantzatutako proiektuei, alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumena kontuan hartuz, azterketa zehatza egiten zaie, eta gardentasuna dela-eta konfiantzazko kapitala bilakatzen dira. Dirua non inbertitzen den ezagutzea oinarrizko ezaugarria da, emandako finantzaketa argitaratzearekin batera. Horrela, kudeaketa demokratikoa eta konpromiso etikoa bermatzen dira, bazkide direnen parte-hartzearekin “pertsona bat, bozka bat” goiburupean.
Europako erreferentziazko banku kooperatiboa da, eta dagoeneko 37.000 bazkide baino gehiago ditu Italian eta Espainian. Bost eremu geografikotan antolatuta dago, hainbat partaidetza-organorekin eta egitura dinamiko eta konplexuekin. Egitura hori guztia bertako pertsonen antolakuntzari esker mantentzen da: kultura-ekintza, egitura operatiboarekin elkarreragina, finantzaketa eskakizunen azterketa etiko-soziala eta, banku zerbitzuei begira, lurraldean dauden beharren identifikazioa lantzea.
Iturria: Fiare