Felix Baltistan Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak neskato pakistandarren eskolaratzea sustatuko dute

20 otsaila, 2015 | Kategoriarik gabe

Felix Baltistan Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak hezkuntza proiektu bat bultzatuko dute Pakistango Hushé bailaran. Ekialde urruneko herrialdeko haran hori mendiz inguratutako lekua da, eta eskolaratzea zaila eta, maiz, arriskutsua izan daiteke; are gehiago neskatoen kasuan. Bi euskal entitateek bultzatutako kanpainaren helburua haur horiei eskolara joateko aukera ematea da.

Lankidetza horren bidez, Mondragon Unibertsitateak 6.300 euro emango dizkio euskal fundazioari 100 neskatila pakistandar eskolaratzeko asmoz. Kanpaina martxan egongo da 2015eko ekainera arte, eta xedea Instagram sarearen bidez 8.035 argazki biltzea da, Pakistango Gasherbrum mendiak duen metro adina.

Erronka pausoz pauso beteko dute; hau da, bidalitako 1.000 argazki-sorta bakoitzeko unibertsitateak 12 beka emango dizkio dohaintzan Felix Baltistan fundazioari. Gainera, mapan markatutako kanpamendu baseak lortzean, Hushé bailarako eskolak beka bat eskuratuko du. Erronka betetzeko behar diren 8.035 irudiak biltzean, Mondragon Unibertsitateak 16 diru-laguntza emango ditu neska ikasleentzat, eta bi beka irakasleen prestakuntzarako.

Proiektuaren garapen osoa urratsez urrats segi daiteke www.mondragon.edu/erronkarakoprest/ web orrian.

Egitasmoan parte hartzeko eta erronka betetzen laguntzeko, pauso hauek jarraitu behar dira:

1. Instagram sarea erabiliz, telefonoarekin argazkia atera. Edozein irudik balio du: parajeak, pertsonak, gauzak…

2. Mondragon Unibertsitateko logoa ager dadila. Logoa nolakoa den ez dio axola: marrazkiak, zirriborroa, paperean egina, moztua… Sortzaile izan! (orain arte bidalitako argazkiak).

3. Argazkiak hashtag honekin etiketatu: #erronkarakoprest. Hashtag horrekin etiketatzea ezinbestekoa da irudiak aurkitzeko eta erronkaren web orrian ipintzeko.

Parte-hartzea bultzatzen duen proiektu horrekin, Felix Baltistan Fundazioak Pakistanen egiten ari den hezkuntza-lana sustatu nahi dute, eta euskal gizartean ezagutzera eman.

Iturria: Mondragon Unibertsitatea