Eusko Jaurlaritzak aurrera egin du egoerarik txarrenean daudenen gizarteratzea bultzatzeko kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzeko prozesuan

28 martxoa, 2018 | Kategoriarik gabe

Gobernu Kontseiluak gizarte-ekimeneko Enplegu Zentro Berezietara eta laneratze-enpresetara bideratutako kontratuen erreserba-ehuneko bat finkatzea onartu zuen pasa den martxoaren 13an. Erabaki horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurrera egin du egoerarik txarrenean daudenen gizarteratzea bultzatzeko kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzeko prozesuan. 

Horren arabera, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Lege berriaren VI. eranskinean jasotako kategoria ekonomikoen oinarrizko lizitazio-zenbatekoen % 5 –gutxienez– erreserbatutako kontratu gisa izapidetu beharko ditu sektore publikoko kontratazio-organo bakoitzak. 

Zehazki, neurriari jarraikiz lizitazio bidez kontrata daitezkeen jarduera ekonomikoen kategoriek honako zerbitzu hauek hartzen dituzte eraginpean: garbiketa, garraioa, baso-zerbitzua, ostalaritza, inprimaketa, gizarte-zerbitzuak, biltegiratzea, administrazio-lanak, kudeaketa eta lan osagarriak, posta eta publizitatea, mantentzea eta konponketa eta abar. 

Erreferentziazko zenbatekoa aribideko urtekoa izango da beti, 2018. urtean izan ezik; kasu horretan, Legea indarrean sartzen denetik abenduaren 31ra artekoa izango da soilik. 

Aurretiaz izapidetutako kontratuen zenbatekoak ez dira zenbatuko kontratuak gauzatzen hasten diren urterako, izapidetzen hasten diren urterako baizik. 

Arrazoiren batengatik erreserba-ehunekoa % 5era iristen ez bada, lizitatutako zenbatekoak, erreserbatutako zenbatekoak eta erreserba-ehunekora iritsi ez izanaren arrazoia jasoko dituen memoria batean justifikatu beharko da.

Iturria: Irekia