Euskalgintza eta gizarte ekonomia gurutzatzeaz

30 ekaina, 2021 | Kategoriarik gabe

Pasa den ekainaren 28an Iruñeako Katakrak-en GEZKI (Gizarte Ekonomiako eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua), UEU (Udako Euskal Unibertsitatea) eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolaturiko jardunaldian euskalgintzak eta gizarte ekonomiak dituzten elkar-puntuen eta bide amankomunen inguruan jardun zuten hainbat eragile eta adituk.

Jardunaldia grabatua izan zen eta oso-osorik ikus daiteke, hemen.

Jardunaldiari hasiera instituzionala UEUko zuzendari Kepa Sarasolak eman zion, Aitor Bengoetxea (GEZKI-ko zuzendaria) eta Kontseiluko Paul Bilbaorekin batera. Eguneko gaiari heltzeko Enekoitz Etxezarretak “Ekonomia sozialaren norabidea euskalgintzaren bidegurutzetan” izeneko hitzartean euskalgintzako proiektu hainbat eta hainbaten atzean gizarte ekonomiak duen garrantzia azpimarratu zuen, balioan jarriz bien arteko sinergiak. Berarekin batera, OlatuKoop-eko Beñat Irasuegi aritu zen, hipotesi ausart bezain probokatzailea plazaratuz: euskalgintza kooperatibizatu beharra dago. Horretarako aurreko mendeko 70. Hamarkadako iraultza kulturala egungo olatu kooperatiboarekin uztartzea proposatu zuen, egungo ataka gainditzeko asmotan.

Ondorengo atalean Ekonomia sozialeko antolaketa moduak euskalgintzako jarduera ezberdinetan nola ematen ari diren bistaratzeko elkarrizketak burutu ziren, UEU eta GEZKI-ko kide den Unai del Burgo gidari zelarik. Arlo ezberdinetako eragile andanaren esperientziak aurkeztu ziren: Hedabideak (Argia eta Berria); Eskualde garapena (Aiaraldea eta Errigora); Eraldaketa eta berrikuntza (Emun eta Elhuyar); Materialgintza eta hezkuntza (Ikastolen Elkartea eta Elkar).

Jardunaldiak kafearen ondoren jarraitu zuen, “Ekonomia sozialeko estrategiak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko” mahainguruarekin, non euskalgintzako lau eragilek (AEK, Bertsozale Elkartea, Topagunea eta Kontseilua) hiru arlo ezberdinen inguruko hausnarketak partekatu zituzten: lan duina, interkooperazioa eta komunitatea.

Itxiera Txakur Gorria kooperatibako lagunek eman zioten, irudi eta bertso bitartez egunean zehar mamituriko ideia nagusien inguruko zenbait printza eskainiz.

Iturria: GEEB