Elkarrekin hobeto berreraiki daitekeela aldarrikatuko dute kooperatibek nazioarteko egunean

30 ekaina, 2021 | Kategoriarik gabe

Uztailaren 3an ospatuko dute mundu osoko kooperatibek nazioarteko eguna. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bat egin du aldarrikapenarekin eta aurtengo leloarekin.

‘Elkarrekin hobeto berreraiki’ daitekeela aldarrikatuko dute aurten kooperatibek. Pandemia eta Covid-19 sasoiaren ondorengo krisiari aurre egiteko ‘formula’ egokiena elkarrekin berreraikitzea dela erakutsiko dute mundu osoko kooperatibek. Hala, Nazioarteko Kooperatiben Aliantzak deituta, munduko mila milioi kooperatibistek eta hiru milioi kooperatibek euren indarra erakutsiko dute uztailaren 3an. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak ekitaldia deitu du eta bertan izango dira, besteak beste, MONDRAGONeko ordezkariak ere. Hala, Euskadiko kooperatiba arloko erakunde eta elkarte ezberdinek ere bat egin dute aldarrikapen egunarekin.

Ā«Azken urtean ikusi ahal izan dugu kooperatiba-ereduaren lehentasun nagusiak pertsonen ongizatea eta planetaren errespetua izan direla, eta horrek indartu egiten ditu oinarri dituen printzipioak. Elkarrekin hobeto berreraiki ahal izango dugu, eta sinetsita nago hainbat istorioren lekuko izango garela, zeinetan mugimendu kooperatiboak komunitateei laguntzen baitie pandemiaren ondoren indartsuagoak izatenĀ», adierazi zuen Bruno Roelants Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko (ACI) zuzendari nagusiak.

Osasuna, nekazaritza, ekoizpena, txikizkako merkataritza, finantzak, etxebizitza, lana, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak eta kooperatibak garatzen diren beste hainbat esparrutan, mundu osoko mila milioi kooperatiba-kidek baino gehiagok frogatzen dute inork ez diola aurre egin behar krisi bati bakarrik, hala nola egungo pandemiari. #CoopsDay aukera ezin hobea izango da erakusteko pertsonetan oinarritutako negozio-ereduek, nork bere buruari laguntzeko eta elkartasunerako balio kooperatiboetan eta erantzukizun sozialaren eta komunitate-sentimenduaren balio etikoetan oinarritutakoek, aukera ematen dutela desberdintasunak murrizteko, oparotasun komuna sortzeko eta Covid-19 sortzen ari den berehalako hondamendiei erantzuteko.

ACI erakundeak mundu osoko kooperatibistei eta bazkideei uztailaren 3an #CoopsDay ospatzeko presta daitezela eskatu die, elkarrekin hobeto berreraiki daitekeen mundua erakusteko.

Iturria: TuLankide