Euskal enpresek I+Gan balio handia duten salmenten marka hautsi dute, iaz lortutako 10.320 milioi euroko fakturazioarekin. Krisialdiak eragindako beheraldia gainditu dute horrela, arlo teknologikoko salmenten guztizkoaren %46era iritsiz puntako produktuen esportazioarekin.
Automobilgintzako produktuak, autoak, makina-erreminta, makinaria orokorra, trenak, hegazkinetarako piezak, etxetresna elektrikoak, osagarri elektroniko eta informatikoak, produktu kimikoak eta botikak bezalako produktuek osatzen dute multzoa. Ondasun horien salmenta %14 handitu zen iaz, eta aurretik ezarritako errekorra nabarmen gainditu zen, ia mila milioi euroko aldearekin.
Esportazio teknologiko gehienak Gipuzkoatik egiten dira. 4.236,7 milioi euroko fakturazioa lortzen da lurralde horretan, EAEn izaera berritzailea duten salmenten %41, hain zuzen. Goi teknologiako operazioen %77 makina-erremintekin, trenekin eta etxetresna elektrikoekin osatzen da Gipuzkoan.
Araban, berriz, antzeko zifra lortzen dute automobilgintzaren sektorearekin; %72 hain justu. Arabako industriaren eragile nagusi diren Mercedes eta Michelin konpainien salmenta-kopuruak automobilen eta horientzako osagarrien merkatu-jarduera bultzatzen du. Guztira, 2.200 milioi euro baino gehiago eskuratzen dute esportazioari esker.
Bizkaia teknologia gutxien esportatzen duen lurraldea da; denera, 2.910,9 euroko fakturazioa izan zuen iaz. Hala ere, bi abantaila nagusi ditu. Batetik, hazkunde jasangarriagoa dauka; 2013an, esaterako, salmenta-emaitzak hobetu zituen lurralde bakarra izan zen. Bestetik, egitura dibertsifikatuagoa du, eta hiru industria segmentu pisutsuk, automobilgintzak (30%), ekipamendu-ondasunak (%27) eta fabrikazio kimikoak (%22), %20tik gora hartzen dute barne. Horrela, horietakoren batean geldiune orokortua gertatuko balitz, salmenten bolumena ez litzateke gehiegi ahulduko.
Esportazioen gehiengoa, %61 baino gehiago, Europar Batasunaren baitan egiten ditu Euskadik, 6.334 milioi euro. Goi teknologiako ondasunen beste 1.500 milioi euro Ameriketara bideratzen ditu, erdia baino gehiago hego hemisferiora. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko (LPEE) kideak euskal teknologiaren erosleak dira, 717 milioi euroko fakturazioarekin. Zifra horrek erakusten duenez, Ekialde Ertainean merkatua zabaltzeko bide garrantzitsua sortu da. Asian, berriz, egiteke asko dago, bertara 324 milioi esportatzen baitira soilik. Hala eta guztiz ere, balio handiko produktuak erosten hasi dira jada.
Iturria: Noticias de Gipuzkoa