Europar parlamentuak Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren II. Foruma antolatu zuen

29 azaroa, 2017 | Kategoriarik gabe

Europako Ezker Unitarioko Parlamentu Taldeak antolatu zuen azaroaren 9an Bruselan eta Hego Euskal Herriko eragile kopuru esanguratsua bertaratu eta parte hartu zuen, sektoreak gure lurraldean duen indarraren erakusle.

Egun osoko jardunaldia izan zen baina aurreko egunean EH Bildu eta Podemos alderdi politikoek gonbidaturiko eragileen arteko bilera eman zen, elkar ezagutu eta sare harremanak egiten jarraitzeko.

Jardunaldia goizeko 9etan hasi zen, egunean zehar egingo zenaren aurkezpenarekin hasierako hitzaldiekin. Jarraian "workshop" edo "atelierrren" denbora iritsi zen, gai ezberdinak ardatz hartuta. Saio bakoitzak 1terdiko iraupena izan zuen, eta modu paraleloan (binaka) eraman ziren aurrera. 3 ordu eskasean esperientzia anitz eta oso ezberdinak partekatzeko aukera egon zen, nahiz eta askotan denbora murritzak nabarmen mugatu zituen eztabaidarako aukerak.

1. lan saioa langile eta lanari buruzkoa izan zen eta bertan parte hartu zuten Portugal, Frantzia, Belgika, Txekiar Errepublika eta Italiako zenbait ordezkarik. Bertan batez ere kooperatibek Europako herrialde ezberdinetan lanaren erronkei nola erantzun dieten eztabaidatu zen, besteak beste.

2. lan saioaren izenburua desberdintasunak eta gizarte kohesioa izan zen eta Suediako aholkularitza enpresa semi-publiko baten aurkezpenarekin hasi zen, zeinak herrialde hartako gizarte ekonomiako enpresa ekimenak bultzatzen dituen. Jarraian Belgikako esperientzia interesgarri bat azaldu zuten, “Le Monde des Possibles”, zeina kanpotarrez osaturiko talde batek sorturiko itzultzaile enpresa bat den, batez ere osasun zerbitzuetan edo administrazioen eta etorkinen arteko itzulpengintza zerbitzua ematen duen. Austriako gizarteratze enpresen sarea aurkeztu zen ondoren, zeina Europako Gizarte Funtsaren diru laguntza jaso duen. Hala ere, diru laguntza hauek lortzeko gobernuz kanpoko erakunde txikiek dituzten zailtasunak gogora ekarri zituen austriarrak. Kasu praktikoen azken aurkezpen luzea portugaldarren aldetik etorri zen eta “Cooperativa 3 Serras” eman zuen aditzera, zeinak Portugal barnealdeko landa lurren berrerabiltzea sustatzen aritzen diren, despoblazioari aurre eginez. Zentzu honetan, azkenaldian bertan pairatu dituzten suteak gogorarazi zituen, esanez ez dela kasualitatea eta barnealdeko landa lurrak jasaten ari diren utzikeriaren ondorio zuzenak direla, suteek izugarrizko erraztasunak aurkitzen baitituzte aurrera egiten jarraitzeko eta zabaltzeko.

3. an saioaren izenburua Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidariorako Politika Publikoen ko-eraikuntza zen. Saio honetan aipagarriena batetik, REAS Euskadiko Carlos Askunzek egindako aurkezpena izan zen, erakundeak martxan dituen ekimenen berri eman zuelarik, besteak beste. Bestetik, Greziako Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Idazkaritza Berezia aurkeztu zen eta bertan daramaten lana azaldu, sektorearen inguruko informazio, legegintza eta laguntzei buruzkoa batez ere.

4. lan saioak etorkinak eta errefuxiatuak izenburua izan zuen eta bertan Euskal Herritiko joandako Koop SF 34 Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen den kooperatibako kideak parte hartu zuen, euren esperientzia azalduz.

Bazkaltzeko ordua ondoren, konferentzien ordua iritsi zen. Lehenengoan LANKI Ikertegiko (Mondragon Unibertsitatea) Igor Ortegak hartu zuen parte hizlari bezala, “Gazteak, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioa, esperientzia konkretuak eta hezkuntza” lelopean. LANKI-ko kideak euskal kooperatibagintzaren inguruan sorturiko hezkuntza sistema berritzailea aurkeztu zuen, Mondragon Unibertsitatearen barruan. Ondoren Italiako, Danimarkako, Frantziako eta Espainiako zenbait esperientzia ezagutu ahal izan ziren, Basherriko kide Mikel Lasarteren parte hartzearekin batera, zeinek baserritar eta nekazaritza eredu lokal, ekologiko eta gertukoa defendatzearen garrantzia azpimarratu zuen, bestelako eredu masibo eta globalizatuen aurrean.

Azkeneko konferentzia Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa eta gizarte zein lurralde kohesioa titulupean eraman zen aurrera. Bertan, beste behin euskal ordezkariek parte hartu zuten. Lehenik, hizlari nagusi bezala, Marian Diez REAS Euskadiko buruak, zeinak ekonomia feministaren beharra ekonomia solidarioaren barne defendatu zuen, bestelako eredu sozio-ekonomiko ez patriarkala eraikitzeko bidean. Zentzu horretan REAS-en barne sorturiko EkoSolFem taldea nabarmendu zuen, egiten dituen lanak aipatuz. Euskal ordezkarietan azkena Talaios Kooperatiba eta Olatukoop Sareko kide Beñat Irasuegi izan zen, nork Koopfabrika azaldu zuen, bai eta gogorarazi "Kataluniako ekonomia sozial mugimenduak lan handia egiten ari da lurralde kohesioaren alde. Ezin dira hemen egon, baina elkartasunerako deialdia egin digute Europako sareoi elkartasuna adierazteko, eta hala egin behar dugu”.

Azkenik, egun osoan zehar bilduriko ondorio ezberdinen irakurketa egin zen. Ondoko puntu nagusiak aipatu ziren:

– Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeek dituzten erronkei aurre egiteko (enpleguaren aldetik, batez ere), beharrezkoa da marko normatibo egoki bat.

– Europar Batasunak ematen dituen laguntzak (diru-laguntzak) deszentralizatuagoak izan behar dira eta ez dira soilik sorrerarako izan behar.

– Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa funtsezko eragilea da aurrean ditugun erronkei (bizitza, planeta, ekonomia, …) erantzuna emateko.

– Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioak kontraesan asko ditu.

Iturria: GEEB 

Euskal eragileak:

Hego Euskal Herriko Kontsumo Taldeak

Labore

Errenteriako Udala

LAB sindikatua

REAS Euskadi

GIZATEA

Olatukoop Sarea

GEZKI (UPV/EHU)

LANKI Ikertegia (MU)

Economistas Sin Fronteras

Coop57 EH

Talaios Kooperatiba

Koop SF 34

Lakari Kooperatiba

Peñascal Kooperatiba

Colaborabora

 

Espainiar estatuko eragileak:

Mercado Social Madrid

REAS Valencia

Autonomía Sur

Frontera al corazón

La Marea

Quatroventos Cooperativa