Europako Batzordearen ustez, gizarte-ekonomia sustatzea da Europar Batasunaren garapen sozioekonomikorako eragile nagusia

17 abendua, 2015 | Kategoriarik gabe

Abenduaren 7an, Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumitzaileen Europako Batzordeak (EPSCO) honako ebazpena onartu zuen: 'Gizarte-ekonomiaren sustapena Europako garapen ekonomikoaren eta sozialaren eragile gisa'. Europako Batasunean gizarte-ekonomiari aintzatespen instituzionala eta babesa emateko funtsezko dokumentua da hori, eta Estatu kideei nahiz Europako Batzordeari gonbida luzatzen die "estrategiak eta programak aplikatzen eta garatzen jarrai dezaten, gizarte-ekonomia, gizarte-ekintzailetza eta berrikuntza soziala indartzeko, bai Europan bai Estatuetan eta bai eskualdeetan".

CIRIECek 2012an argitaratutako 'Gizarte-ekonomia Europar Batasunean' txostena aipatzen du testuak iturri gisa. Dokumentu horrek dio antolakuntza-modu oso anitzak biltzen dituela gizarte-ekonomiak, nazio eta gizarte-ongizate egoera ezberdinetan sortuak. Gainera, entitate horiek guztiek balio, ezaugarri eta helburu komunak dituztela aipatzen du, eta jarduera jasangarriak eragin sozial positiboarekin uztartzen dituztela ere nabarmentzen du, betiere ondasunak eta zerbitzuak beharretara egokituz.

Europar Batasuneko hainbat erakundek azken urteotan gizarte-ekonomiaren alde onartutako dokumentu ugariak ere aitatzen ditu ebazpenak. Horrez gain, baieztatzen du EBrako oinarrizkoak diren zenbait helburu lortzen laguntzen duela ekonomia sozialak: hazkuntza adimentsua, jasangarria eta barneratzailea; kalitate altuko enplegua, gizarte-kohesioa, gizarte-berrikuntza, tokian tokiko eta lurraldeetako garapena, eta ingurumenaren babesa.

Gizarte-ekonomia eta sektoreak gizartean duen eragina gehiago ikusarazteko gonbidapena bereziki azpimarratzen du. Ekonomia sozialak agregatu makroekonomiko nagusiei egiten dien ekarpen erreala aztertzen jarraitzeko esfortzua egitea defendatu du, baita informazioa eskuragarri izatea erraztea ere.

Iturria: Observatorio Español de la Economía Social eta OVES/GEEB