Errigora: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura

29 otsaila, 2016 | Kategoriarik gabe

Eskutik eskura bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Gure kontsumo eredua aldatzeko gonbitea. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun.

Zer da eskutik eskura?
Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Eskaerak urtean behin eginez, eta urte guztirako beste eskatuz. Otsailean oliba olio birjina estra; maiatzean, berriz, kontserba loteak.

Baina, era, berean, eskutik eskura kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko saiakera ere bada. Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat. Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu gara eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu genituen; 45.500 litro olio.

Zertarako hau guztia?
Kontsumitzaileok bat egin eta, auzolanean, bertako produktuak kontsumituta, gutako bakoitzari on egin dagigun eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun:

Batetik, gutako bakoitzak kalitatezko produktua jasoko du, kasu honetan Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra. Euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak banaka bideratuta, nekez eskura genezakeena.
Bigarrenik, guztion artean, bertako ekoizpenari bultzadatxoa emango diogu, ingurumena zaintzen lagunduko dugu eta euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen ariko gara.

Eta azkenik, euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara oraindik gehiago erakarriz.

 

iturria: Errigora www.errigora.eus