109,2 milioi euroko irabazia lortu du 2014an. Balantze «orekatua» eta likidezia maila «bikaina» duela esan du kreditu kooperatibak
Hornidura handiak egiteko derrigortasunaren bukaerak on egin die Laboral Kutxaren kontuei. 2014. urtea aurreikuspenak finkatutako bidetik itxi du kreditu kooperatibak, irabazien %26,4ko igoerarekin. Guztira, 109,2 milioi euroren mozkinak izan ditu finantza erakundeak; gastuei eusteko ahaleginari esker ere izan da. Arduradunek diote «balantze orekatua» dela, likidezia maila «bikainarekin» eta kapitalizazio «handiarekin».
Erakundeak jakinarazi duenez, bi ezaugarri nagusi izan ditu urteak. Alde batetik, interes tasak inoizko mailarik txikienean daude eta, horren ondorioz, erakarritako pasiboari dagozkion sarrerek eta kostuek behera egin dute. Bestetik, kreditu zorroa murriztu egin da, nahiz eta urteko bigarren zatian ugaritu.
Bestalde, %8,59ko berankortasun tasa du, iaz baino 1,09 puntu txikiagoa. Datu esanguratsua da oso, sei urtean lehen aldiz egin duelako behera. Kaudimenari dagokionez, lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera neurtutako aktiboekin alderatzen dituen Common Equity Tier (CET1) adierazlearen bidez neurtuta, % 13,56ko ratioarekin itxi du ekitaldia Laboral Kutxak, eta sektoreko onenetakoa da.
Likideziaren atalean, joan den ekitaldiko posizio lasaia indartu du. Emandako kreditu guztien eta bezeroen gordailuen arteko ratioa % 96,42koa da. «Kontuan izan behar dugu txikizkako merkatuan diharduten sektoreko erakundeek % 126,9ko ratioa zutela batez beste iragan azaroan».
Kredituak
Bezeroei emandako kreditua, orotara, 14.143 milioi eurokoa izan zen 2014an, hornidurak aintzat hartu gabe. Kopuruak %5,65 egin du behera, baina jaitsiera hori sektorearen batez bestekoa baino txikiagoa izan dela gogoratu du erakundeak. Etxerako hipoteken saldoa, berriz, 10.258 milioi eurokoa da. % 3,9ko jaitsiera izan du, «sektoreak baino txikiagoa». Dena den, urteko bigarren erdialdeko hipoteka maileguen eboluzioak %25eko igoera izan du aurreko ekitaldikoarekin alderatuta. Kontsumo negozioari dagokionez, saldoek % 1,39ko jaitsiera izan dute, baina bigarren sei hilekoan, formalizazioak % 17 igo dira. Iaz, 20 milioi euroren laguntzak eman zituen Laboral Kutxak.
Iturria: Berria