Erkide Batzar Nagusia: urtea amaitzerako 1.500 enplegu sortzea espero du Erkidek

31 maiatza, 2016 | Kategoriarik gabe

Erkide Batzar Nagusia: urtea amaitzerako 1.500 enplegu sortzea espero du Erkidek

Kooperatiben federazioko fakturazioa %6,5 handitu da 2015ean, eta aurten %4 izatea espero dute. EAEko BPGaren %7 ordezkatzen dute.

Hazi egin da Erkide kooperatiben federazioa 2015ean. Urte amaierako kontuetan izan du hazkundea, batetik, fakturazioa %6,5 handitu ondoren, ia 7.000 milioi eurora iritsi baita. «Espero baino gehiago» hazi zirela onartu du Javier Goienetxea lehendakariak, eta urte honetarako %4 inguruko igoera iragarri du. «Bost urteko krisi baten ondoren igoera handia izaten baduzu, hobe da zuhurtziaz jokatzea». Handitu egin da fakturazioa, baina baita federazioaren egitura bera ere, eta horrek azken datuak txukuntzen lagundu du. Orain arte, lan elkartuen, irakaskuntzaren eta kreditu kooperatiben sailak zituen Erkidek, eta, iaztik, kontsumoarena gehitu zaio. Zortzi kooperatiba hartzen ditu bere barruan sail berri horrek, eta horien artean legoke Eroski bera. Supermerkatu katea federazioan sartu izanak, besteak beste, Erkide osatzen duten kooperatibetako langile kopurua handitzen lagundu du. 34.261 behargin gehiago ordezkatzen dituelako joan den urte amaieratik federazioak —73.518 denetara—, eta horietatik 33.967 kontsumo kooperatiben sail berri horietatik iritsi ziren.

Joan den urtea ixtean, Erkideren barruan 979 kooperatiba zeuden, 2014an baino 51 gehiago. Eta enpresa horiek guztiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren %7 ordezkatzen dute. «Euskal kooperatibagintza ekonomiaren motorra da, aberastasun iturri delako», esan du Agustin Mendiola federazioko zuzendariak. Sortzen diren enpleguak egonkorragoak direla gogorarazi du, eta kooperatibek ez dutela ekoizpena atzerrira eramaten. Horren lekuko da, haren esanetan, Erkideko kooperatiben %40k hogei urte baino gehiago dituztela. Horregatik guztiagatik, kooperatibek bertako ekonomiarekin duten konpromisoa aldarrikatu du.

Baina federazioko arduradunek ez dute joan den urteko datu positiboekin geratu nahi izan, urte hau amaitzen denerako helburuak ezarri baitituzte. 1.500 lanpostu berri sortu nahi dituzte, eta helburua bete daitekeela dirudi, lehen bost hilabete hauetan 956 enplegu sortu baitituzte. Bestetik, 50 kooperatiba abiatuko direla ere aurreikusi dute, horrela 1.000 enpresatik gorako federazio izatera igaroz. Hori guztia datorren asteazkenean Gasteizen egingo duten batzar orokorrean eztabaidatuko dute.

 

Iturria: Berria