Ekonomia sozial eta eraldatzailea akuilatzeko federazioa sortu dute

15 martxoa, 2023 | Kategoriarik gabe

Lan Berri kooperatibak eta Andere Nahia eta Hemen elkarteek ESE ekonomia sozial eta eraldatzailea ardatz duen federazio baten sortzea erabaki dute Ipar Euskal Herrirako. Horrez gain, otsailaren 23an ESEren inguruko mugaz gaindiko III. Topaketetan parte hartu zuten, Elizondon (Nafarroa), Hego Euskal Herriko Olatukoop, Talaios Koop eta Baztango Udala ere partaide zirela.

«Ekonomia sozial eta eraldatzailea anitz aipatzen da», esan zuen Lan Berri kooperatibako kudeatzaile Daniel Harotzarenek, «eta denetarik sartzen da horretan». Horren definizioan sakondu nahi dute federazioaren bultzatzaileek. Lurraldeari atxikiak diren eta ekonomiaren ikuspegi hori duten elkarte eta enpresak bildu nahi lituzkete, «antolatu eta egituratzeko» gero.

«Elkarren arteko kooperazioa nahi dugu bultzatu», azaldu zuen Harotzarenek. «Guretzat, barne gobernantza da inportantea, gobernantza partekatua». Gizarteko beharretara egokitu ekonomiaren ikuspegi bat defendatzen dutela dio: «Gure proiektuak, ekoizpenak, zerbitzuak nola eraikitzen ditugu? Nola hartzen ditugu kontuan ingurumena, klima arazoa? Arlo sozialean, nola partekatzen dugu sortzen den aberastasuna?».

Tokiko ekonomia aitzinera ekartzea da xedea, eta aipatu balioekin bat egiten duten eragileak elkartu eta antolatzea. Nolabait, tokiko laborantza etxaldeen lauzkatzeko Arrapitz federazioa eraiki zen bezala.

Harotzarenek adierazi zuen azken urte hauetan beha zeudela Euskal Hirigune Elkargoak zerbait sustatuko ote zuen sail horretan. «Ikusi nahi genuen Elkargoak bide orri zerbait aterako zuenetz ekonomia sozial eta eraldatzailearen alorrean. Ez zen etortzen. Zerbait atera dute gizarteratzeari eta ekonomia zirkularrari buruz, interesgarria da, baina ez ginen biziki satisfos», aitortu zuen. Gehiago dena, laborantza saileko esperientziari begiraturik betiere, ohartu dira gizartetik jin behar dela akuilua: «Herritarrak eta eragileak antolatu behar dira, eta, gero, errazago da elkargoarekin zerbait egitea. Goaitatzen badugu haiengandik etor dadin… Batzuetan ohartzen gara ez dakitela zuzen zer den ESEa».

Iturria: BERRIA