Ekonomia Solidarioaren VI. azokak indarra hartu du Nafarroan

28 apirila, 2016 | Kategoriarik gabe

Ekonomia Solidarioaren VI. azokak indarra hartu du Nafarroan                

Ekitaldian parte hartu duten 75 erakusmahaiek 5.000 bisitari baino gehiago izan dituzte asteburuan.

Joan den asteburuan Iruñako autobus geltoki zaharrera bertaratutakoek egiaztatu zuten moduan, ekonomia solidarioa hazi egin da azken urteotan. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren VI. azoka apirilaren 8tik 10era burutu zen. Ostiraleko 17:00etan ateak ireki eta igandeko 14:00etan itxi bitartean, erakustazokan ezarritako 75 erakusmahaiek ekonomiaren arlo erlatiboki berri honen produktu eta zerbitzuak eskaini zituzten. REAS (ekonomia solidarioaren eta alternatiboaren sarea) elkarteak eta Nafarroako Merkatu Sozialak sustatutako jardunaldiak eskaintza alternatibo ugari erakutsi zituen: produktu ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak zein oinarri solidarioetan eta gizarte-ekonomian oinarritutako finantza-zerbitzuak, besteak beste.

Aurreko urteetan bezala, Txanpona gizarte-moneta erabili zuten, bertako produktuen kontsumoa eta merkataritza bultzatzeko sortua. Erakustazoka burutzen ari zen momentu eta leku berean, ekonomia sozialaren nazioarteko IX. jardunaldia egin zuten 'kapitalismoa edo bizia, ekonomia feministatik begiratua' izenburupean. Jardunaldietan, parte-hartzaileek Geltoki 2012 proiektua sakonki ezagutzeko aukera izan zuten. REAS Nafarroak sortutako proiektuaren helburua da, Reas Red de Redes elkarteko Andoni Romeoren hitzetan, “Iruñako autobus geltoki zaharra ekonomia solidariorako gune bilakatzea, ekonomiaren sektore hori agenda politikoaren eta ekonomikoaren kanpoaldetik erdigunera pasa dadin”.

Jardunaldietako hizlarien artean zeuden Emauseko traperoak. Parte-hartzaileen aburuz,  ekonomia solidarioa ikaragarri hazten ari da Nafarroan. Urtero, gizarte osoari zerbitzua emateko negozio ekintzaile berriak sortzen dira, eta hori kontuan hartuta, ez litzateke arraroa izango Iruñak gizarte-merkatu egonkorra izatea urte batzuen buruan.

 

Iturria: GEZKI