Antxonen irakaspenak

28 apirila, 2016 | Kategoriarik gabe

Antxonen irakaspenak

Duela aste bete zendu zen Antxon Mendizabal lankide eta laguna. Lan eskerga da zutabetxo honetan Toninoren biografia osoa laburtzeko saioa. Gainera ni ez naiz hori egiteko bere lankiderik aproposena, berriki utzi gaituzten Anton Borja eta Mikel Gomez Uranga , EHUko Ekonomia Aplikatua Ieko kideak hauek ere, lirateke horretarako egokiagoak belaunaldia eta ibilbidea partekatu baitzuten elkarrekin. Txiki sentitzen naiz haien ondoan Unibertsitate publiko, euskaldun eta konprometituaren aldeko beren jarrera ikasbide eta eredu izan baitut. Antxon lagun eta lankide nuen, lana, proiektuak, argitalpenak, eztabaidak eta euskararen eta gizartearen eraldaketaren aldeko jarrera partekatzen genuen. EHUko Ekonomia Aplikatua I sailean zein GEZKI Institutuan egin dugu lanbidea biok. Baina, UEUn, lan munduko jardueretan edo herri ekimenetan ere sarritan egin dugu topo.

Antxon EHUko Leioako Gizarte, Politika eta Komunikazio Zientzien Fakultatean izan zen irakasle. Bokazio izugarria zuen eta nekaezina zen, bere gaixotasunak ohi baino gehiago jotzen zuenean ere klaserako grina izaten zuen, ez zen etxean geratzearen zale. Ikasleekiko eztabaidak gaztetzen omen zuen eta ahaleginak eta bi egin izan ditu gazteekiko kontaktua ez galtzeko. Aurten jubilatu berritan ere, masterreko bere klasearekin jarraitzea eskatu zigun, hain zen indartsua irakaskuntzaren aldeko bere grina!. Aldebiko sentipena ere bazen, ikasleek oso gogokoa zuten Antxon bere irakasbidea ez baitzen ohikoa -goitik beherakoa eta itxia- kontrara egiten zuen honetan ere ikasleak erakarri eta ekonomiaz, autojestioaz eta maitasunaz ere aritzen zen irakas logika nihilista eta indibidualistari aurre eginda.

Bere bizitza akademikoa oparoaren erakusle diren argitalpen eta ikerketa lan ugari gauzatu zituen. Hainbat gai eta azterketa lerro jorratu ditu talde lanean eta bakarka. Globalizazioa eta tokiko garapenaren zein identitatearen eremuan lan ederrak egin ditu. Bere ikuspegia argia zen:behetik gorako eta ahulenen onurarako dialektikatik eraiki behar da globalizazioa, mundu iraunkorra eta bidezko gobernantza zein herrien aniztasuna oinarri hartuta. Antxonek oso gogokoa zuen lan eremuaren azterketa ere. Arlo honetan, batez ere lana enpresaren estrategietan duen posizioari erreparatu zion, beti ere langilearen parte hartzea eta autojestioaren logikari lehentasuna emanda. Kooperatiben mundua barnetik ezagutzen zuen eta honek begirada zorrotza eskaini zion irabazi asmorik gabeko erakundeetako azterketa kritikoa egiteko. Maisu lanak eskaini dizkigu arlo honetan. Beste hainbat arlotan ere bere ekarpen oparoak egin izan ditu. Bere lan guztietan ekonomia ofizialaren ohiko ikuspegi liberal eta indibidualista borrokatu egin ditu eta posizio normatiboak hartu ditu justizia soziala eta herrien burujabetzaren alde eginda.

Pertsona adeitsua, alaia eta lagunkoia zen Antxon, konfiantza osokoa, gardena eta baikorra. Unibertsitateko burokrazia hazkorraren aurrean galdu egiten den akademiko kaletarra. Karrera akademiko indibidualari gorazarre egiten zaion garaian bidezko sozietate solidariora eta herrien burujabetzara hurbilduko dituen lana eta konpromisoa lehenetsi zuen bere lanbideari koherentzia emanda. Unibertsitatearen eredu konkurrentzial eta merkantila nagusi den honetan Antxonen bizitza jokabideak erakusten digu posible eta beharrezkoa dela unibertsitatea ere bestelako balore batzuen gainean eraikitzea.

 

Mikel Zurbano Irizar

UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua Ieko eta GEZKIko irakaslea