EHLABEren 30. urteurrenari amaiera emateko ekitaldia egin da

30 urria, 2017 | Kategoriarik gabe

Ekitaldia pasa den urriaren 18an egin zen Bilboko Itsas Museoan eta EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea) osatzen duten erakunde ezberdinak, sektoreko agenteak eta herri administrazioetako zein legebiltzarreko ordezkariak bertaratu ziren. Ibilbide luze eta oparoaren errepasoa egiteaz gain, kolektiboaren etorkizuneko erronken inguruan ere jardun zuten.

Ekitaldia EHLABEko presidente Txema Francoren parte hartzearekin hasi zen, Euskal Autonomia Erkidegoko desgaitasunen bat duten pertsonen errealitatearen inguruko datuak plazaratu zituelarik, bai eta elkarteak duen garrantzia ere. Ondoren, Bilboko alkateak zorion eta esker hitzak izan zituen elkarteak eginiko ibilbidearentzat, zeina aitzindari izan zen desgaitasuna duten pertsonen egoera hobetzeko ahaleginetan eta euren beharrei erantzuten saiatzen, administrazio publikoek oraindik errealitate honen gain eskua hartu ez zuten garaietan.

Iñaki Alkortak, Gureak eta EHLABEren presidente ohiak, bilakaera horren errepasoa egin zuen, hitzaldi atsegin batean, anekdotaren bat tartean. Ekitaldiaren lehen zatiarekin amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hitz egin zuen, EHLABEk eginiko eta egiteko duen eginkizuna nabarmenduz eta hemendik aurrerako ibilbidean elkarren arteko lankidetza garrantzitsutzat joz. Zentzu honetan, IV. Euskal Inklusio Plana aipatu zuen, zeinaren prestakuntzan EHLABEk parte hartu duen.   

Ekitaldiaren bigarren zatiak mahai inguru itxura hartu zuen, Eragintzako Begoña Erraztik moderatua eta Eva Urioste (Bidaideak), Imanol Liebenes (trabajador), Andoni Garai (Lantegi Batuak) eta Jon Ander Arzallus (Gureak) izan zirelarik partaideak. Bakoitzak bere esperientzia partekatu eta bere esparruan aurreikusten dituzten erronken inguruan jardun zuten, hala nola enplegu egonkor eta kalitatezkoagoaren beharra, programen finantzaketan egonkortasun gehiago izatearen garrantzia, lan prozesuetan teknologia berrien barneraketa, kolektiboko pertsonen gaitasunak ikustarazteko beharra eta administrazio publikoekin lankidetza hertsiagoa eta abar.

EHLABEko koordinatzaile Pablo Moratalla izan zen, azkenik, ekitaldiaren amaieraren kargu hartu zuena, 30. urteurrenaren ospakizun (eta lan) urtearen inguruko balorazioa eginez eta, beste behin, etorkizunerako aurreikusten diren erronkak mahai gainean jarriz, zeintzuk urte osoan zehar agente ezberdinekin eginiko lan saioetan azaleratu diren. 6 erronka nagusitan laburbildu zituen:

– Desgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzen jarraitu

– Formazio/hezkuntza alorrean, derrigorrezko bigarren hezkuntza eta ondorengo hautazkoen artean dagoen jauzia murriztu

– Enpresa arloan, desgaitasunen bat duten pertsonen laneratze arrunterako ibilbidea sustatzen jarraitu

– Administrazio publikoari dagokionez, gizarte klausulen eta desgaitasunen bat duten pertsonen lan publikorako eskubidean eragin

– Desgaitasunen bat duten pertsonen zaharkitzeak izango duen garrantzia ere azpimarratu zuen

– Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, desgaitasunen bat duten emakumezkoen ahalduntze, ikustarazte etab. ekintzak egiteko beharra azpimarratu zuen, berdintasuneranzko bidean emakume hauek jasaten duten diskriminazio bikoitza kontuan hartuz

Iturria: GEEB