EGES aurkeztu dute, Euskal Gizarte Ekonomiaren Sarea

17 martxoa, 2015 | Kategoriarik gabe

Euskal Gizarte Ekonomiaren Sarea aurkeztu zuten martxoaren 25ean ASLEk, Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak; EHLABEk, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak; GIZATEAk, Euskadiko Gizarteratze eta Laneratze Enpresen erakundeak; KONFEKOOPek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak; eta REAS Euskadik, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioko sareak.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, 11etan, egindako ekitaldian parte hartu zuten Josetxo Hernándezek, Pablo Moratallak, Jon Igartuak, Javier Goienetxeak, Josetxu Gonzálezek eta María Ubarrechenak. Gizarte-ekonomiak Euskal Autonomia Erkidegoak duen garrantzia azpimarratu zuten, 70.000 langile biltzen dituela eta enpleguaren %8,26 barne hartzen duela nabarmenduz. Era berean, GEZKIk eta OVES/GEEBek burutzen duten lana eskertu zuten, euskal gizarte-ekonomiako entitate anitzen elkargunea baitira, eta erakunde horiek EGES sarea osatzeko aurretiko pausoa ematen lagundu baitute.

Sektoreak egindako gogoeta-prozesuaren ondorioz sortu da EGES sarea. Lankidetzaren eta elkarrizketaren bidez, gizarte-ekonomiaren aldeko apustu sendoa egiten du entitate berriak, sektore hori egungo arazo ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak gainditzeko eredua dela uste baitute. Horrez gain, ekonomiak gizartean duen papera birpentsatzearen alde daude; izan ere, uste dute pertsonen, komunitatearen eta bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzura jarri beharko litzatekeela.

Sarearen helburu nagusiak honakoak dira:

– Gizarte-ekonomia eta sektore konkretu bakoitzaren helburuak ikusaraztea.

– Gizarte-ekonomiaren onurak ezagutaraztea euskal gizartean, eta eragile instituzionalak, politikoak eta sozialak ere sentsibilizatzea.

– Gizarte-ekonomiaren hazkuntza sustatzea, eta sektorean elkarlana areagotzea.

 

Bestalde, erronka aipagarrienetarikoak dira gizarte-ekonomiako ekimenak haz daitezen bultzatzea, pertsonaren partaidetzan oinarritutako enpresa-kudeaketarako erremintak garatzea, euskal gizarte-ekonomiako eragileen elkarlanerako espazioak suspertzea, eta erakundeen aurrean aintzatespen sendoagoa lortzea.

 

Iturria: OVES/GEEB