Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ekonomiaren Estatistika aurkeztu du. Estatistika hori Ekonomia Sozialaren (kooperatibak eta lan-sozietateak) eta “Ekonomia Sozialaren beste modu batzuen” (fundazioak, erabilera publikoko elkarteak, laneratze-enpresak, enpleguko zentro bereziak eta abar) ohiko moduen jarduera eta bilakaera aztertzen dituzten txostenen artean osatuena da.
Estatistika txostena eta datuak eskuratzeko, sakatu hemen.
Prentsaurreko horretan Ekonomia Sozialeko zuzendari Jokin Diazek ere hartu du hitza. Berak Euskadiko Gizarte Ekonomiara bideratutako ezohiko 3 COVID-19 lineen —sektorea sustatzeko laguntzen programa orokorraren barruan kokatuak— irismena azaldu du.
San Josek esan duenez, orain inoiz baino argiago ikusiko dira Ekonomia Sozialaren alderdiak babesteko —hura osatzen duten erakundeak suspertzeko, sustatzeko eta garatzeko programen eta proiektuen bitartez— Europako erakundeek, oro har, egin duten ahaleginaren emaitzak. “Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibek eta lan-sozietateek aurreko krisian erakutsi zuten antzeko erresilientzia erakusten badute, aurten euren enpleguetan % 5eko inpaktua jasan dezaketela kalkulatu dugu, baldin eta Euskadiko BPGd-ak aurreikusitako % 8,7 egiten badu behera”, esan du.
Horren haritik, sailburuak gaineratu du kooperatibetan eta lan-sozietateetan ABEEEn eragina txikiagoa izaten ari dela. “ABEEEak izapidetu dituzten 500 kooperatibak aztertzen baditugu, espedienteek plantillaren erdian, gutxi gorabehera, eragiten dute —10 enplegutatik 5etan—; espediente guztiak kontuan hartuz, berriz, 10 enplegutatik 8tan eraginez”.
Sektoreko magnitude sozioekonomiko nagusien bilakaerak eta egoerak osatzen dute Maria Jesus San Josek gaur aurkeztu duen Ekonomia Sozialaren Estatistikaren kapitulu zabalena. Bertan, enpleguaren bilakaeraren analisi xehatua egin da sektore-ikuspegitik, lurralde-ikuspegitik, forma juridikoaren, kontratu bidezko harremanaren, eta enpresen tamainaren arabera.
Analisian beste parametro ekonomiko batzuen bilakaera ere hartu da kontuan, adibidez, fakturazioa, Ekonomia Sozialak eragindako Balio Erantsi Gordina, esportazioen maila eta helburu geografikoa, inbertsio-esfortzua edo enpresek eskuratutako emaitza ekonomikoak.
Edizio honetan, halaber, emaitzen gaineko ehunekoari lotutako beste parametro bat hartu da kontuan. Parametro hori, kooperatiben kasuan, mozkinen itzulkinean gauzatu da, eta, lan-sozietateen kasuan, dibidendutan.
Azterketa osatzeko, Ekonomia Sozialeko enpresek hainbat gairen inguruko balorazioarekin lotutako inkestaren emaitzak eman dira. Enpresek gai hauek baloratu dituzte: kanpoko pertzepzio soziala, administrazio publikoek ematen dieten babesa, talentuaren kudeaketa, aplikatzen dituzten kudeaketa-tresnak, gauzatzen dituzten berrikuntza-jarduerak, Berdintasun Planen eta Bateragarritze Neurrien ezartze-maila, soldata-tarteak edo laneko giroa.
Txostenaren azken zatian “Ekonomia Sozialaren beste forma batzuk” —fundazioak, onura publikoko elkarteak, laneratze-enpresak, enpleguko zentro bereziak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak, arrantzaleen kofradiak eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak— deitutakoen zifra sozioekonomiko nagusiak aurkeztu dira.
Iturria: Irekia