Banca Popolare Eticako bazkideak, finantza kooperatiboen alde

21 martxoa, 2016 | Kategoriarik gabe

Banca Popolare Eticako bazkideek hurrengo Administrazio Kontseilua hautatuko dute azken bi urteotan osatu duten hauteskunde-araudi berriari jarraikiz, prozesu parte-hartzaileen kalitatea hobetzeko. Faktore hori erabakigarria da etorkizuneko proiektuak eraginkorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen, eta, halaber, demokrazia ekonomikoaren erronka etikoei aurre egiteko beharrezko baldintza da.

Hurrengo egunetan, guztiok eman ahalko dugu iritzia, eta datozen hiru urteetako administrari nor izatea nahi dugun adierazi. Aurreneko aldiz, bi herrialdetan egingo dugu hori; horrela, ikuspegi europarragoa hartuko dugu, eta partaidetza zabalagoa lortzeko modu berriak aktibatuko ditugu, berrikuntza teknologikoetan ere oinarrituta. Ibilbide berria da, eta, beraz, egongo da hobetzea. Badakigu gure jokabidea ez datorrela bat banku-sistemaren politika nazional eta europarrekin eta, bereziki, kreditu-kooperatiben eta bankuen erreformarekin.

Gure bankua osatzen duten ildoak agerian ipini nahi ditugu bai geuretzat bai besteentzat, horien inguruan hausnartzeko, esku hartzeko, justizia sozialeko erantzunak emateko eta demokrazia ekonomikoa ezartzeko. Banca Eticarako berebiziko garrantzia duten hiru xede azpimarratu nahi ditut: kooperatibo izatea, elkarrekin demokrazia antolatzailea eraikitzea eta berrikuntza sustatzea.

Kooperatibo izatea ez da soilik eredu ekonomiko bat hautatzea; eredu soziala eta antropologikoa ere aukeratu behar da, denon artean giza duintasuna eta guztion ongizatea sortzea ardatz duena. Banca Eticaren mutualitatea eta solidaritatea ez dagokie eskualde eta herrialde bereko biztanleei soilik; mundu osoa dute jomugan, batez ere sare eta sistema digitalei esker, lurralde-mugetatik harago doazen sektore sozial eta ekonomikoak lotzen baitituzte. Banca Eticaren egungo akziodunak mundu osokoak dira: aurreztaile erresiliente, bazkide eta bezero askok bideratzen dituzte ondasun erkidera inbertsioak eta aurrezki propioak.
“Sareak, mutualitateak eta lankidetza” sortu nahi ditugu gaur egun beren burua merkatutik “baztertutzat” edo merkatutik kanpo ikusten duten eta lankide izan daitezkeen haien artean; hau da, ekonomia etiko eta solidario berrietan inbertitzen duten hainbat eta hainbat pertsonaren artean. Hala, geure egin nahi ditugu geroagoko sinergiak ere, hipotesiak eta proiektuak interpretatzeko eta garatzeko. Begien bistakoa da banku-sistemen politiken aurkako erronka daukagula, banku-eredu bakarra inposatu nahi baitigute: “too big to fail”.

Demokrazia antolatzailea elkarrekin eraikiz, pertsonek eskubide eta ahalmen handiagoa edukiko dute erakunde baten erabakietan eta jardueretan eragiteko. Bestela esanda, gehiago garatu nahi dugu demokrazia, gobernantzaren gainean erabakitzeko eta eragiteko ahalmena ez dadin gelditu soilik talde esklusibo txikien esku. Antolamenduaren ahalduntzeari buruzko azterlanetan, berebiziko garrantzia ematen zaio bakoitzak antolamenduan erabakiak hartzeko prozesuaren parte izateko duen interesari, prozesu horrek elkarrekiko eragina baitu. Banca Eticaren ekosisteman, elkarrekin eraikitzeko prozesu etengabe batean balio-eragileekin eta inguruko giroarekin harremanetan dauden sistema horizontalen sare bat dago. Demokrazia antolatzailea ez da egituretan bakarrik islatzen; erabakiei eta ardurei dagozkien karguak eta zereginak bermatu ostean, prozesu, fluxu eta harreman sozial guztien bidez gauzatzen da. Demokrazia antolatzailea garatu eta sozializatzeko ibilbidea ebolutiboa da; horrenbestez, balio-eragile guztiek arreta jarri behar diete ibilbide horren bilakaerari eta errealitatean hartuko dituen formei. Gure banku transnazionalean, prozesu parte-hartzaileak kudeatzen ditugunez eta den-denei parte hartzeko aukera ematen diegunez, ikuspegi kultural eta metodologiko berriak esperimenta ditzakegu, baita teknologia berriak ere. Hala, ezagutza eta jardunbideen ondare bat sor dezakegu, kredituaren kudeaketa benetan babesten duten bankuak zigortzen dituzten banku- eta finantza-sistemei aurre egiteko.

Banca Etican garrantzi handia izan du finantza-sistema berritzeak, eta hori sistema zabalago bati esker baino ez dugu lortu, sistema horrek eutsi eta aktibo egoten lagundu digulako. Gogoan ditut hainbat eskualdetan antolaturiko Italiako eta Espainiako bazkide aktibo guztiak, erreferentziazko bazkideen sareak eta lurralde-komunitateetan errotutako erakundeak. Berritu eta hazi egin gaitezke suspertzen gaituen, eztabaidak eragiten dituen, sormenari dagokion lekua uzten dion eta bazkideak eta herritarrak finantzetan hezten laguntzen duen ekosistema baten barruan. Hala, bazkide eta herritarrek ezagutza eta ahalmen handiagoa lor dezakete askotariko difusio-jardueren bidez, protagonista izateko eta finantzen sektore konplexuan parte hartzeko gaitasuna bereganatuko baitute. Gero eta indar handiagoz heldu behar diogu konpromiso horri; bereziki, azkenaldian Italian gertaturiko guztia aintzat hartzen badugu.

Izan ere, hainbat eta hainbat herritarrek uste dute iruzur egin dietela bankuek eurek eta finantza-sistemak.
Prozesu parte-hartzaileak osatzeko, demokrazia eraikitzeko eta berrikuntzak ezartzeko, kritika zintzoa eta konstruktiboa egin behar dugu; hau da, ekosistema bat auzitan jarri eta elikatzen duten erronkei heldu behar diegu. Erronka eta eskaera berri horiek batez ere etikoak izango dira, eta elkarrekin hartu beharko ditugu erabaki zehatzak… Den-denon esku egongo da.

Iturria: Banca Popolare Etica