Unibertsitate irakaskuntzaren erronka nagusienetako bat Gizarte Ekonomiari eta bere printzipio eta balioen ezagutzari zuzendutako formakuntza hobetzea eta zabaltzea da.
Behatokian “Gizarte Ekonomiaren integrazioa EHUko gradu ikasketetan: ikerketa kuantitatiboa” ikerlana burutu zen, helburu nagusia Gizarte Ekonomiak gure unibertsitateko gradu ikasketetan duen integrazio maila neurtzeaz gain, beste unibertsitatetan aplikatu daitekeen esperientzia pilotua diseinatzea zena. Horretarako, gradu ezberdinetako bost irakasgai hautatu ziren, eta ondoren, irakasgaiotako programak aztertu eta irakasleei bidalitako galdetegia egin zen.
Lan honen abiapuntua gogoeta teorikoa izan zen, bereziki, gizarte ekonomia akademia fase guztietan sartzearen ideia azpimarratzen duten estatu eta Europa mailako ekimen politikoak, sektoreko eragile eta botere publikoei kezkatzen dien gaia baita.
Emaitzak, infografian islatzen den moduan, EHUko gradu ikasketetan gizarte ekonomiaren formakuntza oso eskasa dela adierazten dute. Gainera, gai hauek lantzen diren kasuetan ere, ezberdintasun nabarmenak daude enpresa kapitalistei ematen zaien tratamenduarekiko. Bestalde, gai hauen formakuntzan hobetzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela azpimarratzen da, sektorea indartzeko estrategia egokia bihurtu daitekeelarik.
Errealitatea hau izanda, Unibertsitateak erronka garrantzitsu bat dauka esparru honetan. Batetik, Gizarte Ekonomiaren ezagutza sustatzearen beharra, pisu eta protagonismo handiagoa hartu dezan, erakunde hauetan adituak trebatze aldera. Bestetik, irakasleriaren eta Administrazioen konpromiso handiagoa lortzea, irakaskuntza programetan gai hau bultza dezaten.
Iturria: OVES