Apirila amaitu da, eta horrekin batera, ekonomia solidarioko erakundeak beste urtebetez jarri gara martxan gure burua ikuskatzeko, begiratzeko, planifikatzeko, berrikusteko, … bi hitzetan esanda, Auditoria Soziala egiteko.
Ordua da. Une batez balantzea egiteko ordua da (ez soilik ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ere), eta zer egiten ari garen ondo eta zer hobetu dezakegun ikusteko, ekitateari, lanaren kalitateari, ingurumen-iraunkortasunari, lankidetzari, ingurunearekiko konpromisoari eta aberastasunaren bidezko banaketari dagokienez.
Aurten, gainera, nobedadeak ditugu. Euskadiko Auditoria Sozialeko prozesuaren 15 urteetan lehen aldiz, entitateok berme-ziurtagiri bat, kalitate-zigilu bat lortuko dugu Auditoria Soziala amaitzean eta ebaluazio positiboa lortzean. Zigilua lortzeko, adierazleen ebaluazioan gutxieneko puntuazioa lortu beharko da, eta auditoriaren emaitzak REAS Euskadiren webgunean edo euren webgune korporatiboetan argitaratuta izan beharko dira. Berme-ziurtagiri hori izango da, beraz, Merkatu Sozialaren giltza, bai eta haren inguruan garatzen diren komunikazio-euskarri guztiena ere.
Egia da eskatzen den informazio guztia lortzea lan nekeza dela (aurtengo bateriak 76 item ditu), baina fruituak ematen ditu datuak biltzeko lehen fase hori igaro ondoren. Eta zergatik esaten dugu fruituak ematen dituela? Ez al da “beste galdetegi bat”? Ez, hemen auditoria sozialaren prozesuan parte hartzea hain interesgarria izatearen arrazoietako batzuk:
- Nagusia: ekonomia solidarioaren gutuneko sei printzipioen betetze-maila neurtzen laguntzen digu.
- Kanpora begira: tresna informatikoak berak, infografia oso bisual baten bidez, gure entitatearen emaitzak gure bezeroei, hornitzaileei eta gertuko gainerako pertsonei jakinaraztea errazten digu. Gainera, aipatu dugun bezala, urte honetatik aurrera kalitate-zigilua lortzeko aukera dago.
- Barrurantz: auditoria sozialak ematen dituen datuek erakundearen ekintza-planak edo plan estrategikoak fidagarritasun handiagoz egin ahal izateko analisi gisa balio digute.
- Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa: erakunde guztien datuak gehitzean, sektore gisa ditugun indarguneen eta ahulezien ikuspegi orokorra izatea lortzen dugu, eta, gainera, nagusi den eredu ekonomikoaren alternatiba erreal gisa aurkeztea.
Beraz, apirilaren 26tik maiatzaren 31ra, «Auditoria Soziala. AcciÓNdo egin» lelopean, datuak biltzeko kanpaina abiarazi dugu. Bertan, sareko 88 erakunde bazkideek eta erakunde laguntzaileetako batzuek parte hartuko dute, eta udazkenean bere fruituak emango ditu.
#auditoriasoziala #acciONdoegin
Iturria: REAS Euskadi