Plataforma kooperatibak, humanoak eta lehiakorrak

29 apirila, 2022 | Kategoriarik gabe

Kooperatiben balioak digitalizazioarekin lotzeak zerbait teorikoa eman dezake, baina zehatza eta benetakoa da. Momentu egokian iritsi da, gainera, algoritmo baten aginduetara baldintza negargarrietan ari diren langileei ahotsa eta duintasuna ematera.

Google, Uber, Amazon eta halako izenek kontrolatzen dute internet. Ez dira 60 enpresa baino gehiago. Horietako aunitz plataforma digitalak dira. Saretik kanpoko benetako negozioetan bitartekari dabiltza. Langile poltsa handiak dituzte, baina ez dituzte langiletzat hartzen. Ez dago gutxieneko soldatarik, aparteko ordurik eta babesik. Enpresak ez du lanerako bitartekorik jartzen, ezta osasun arretarik eta langabeziarako eta istripuetarako asegururik ere. Gizarte segurantzarik ordaindu beharrik ere ez du.

Jabetza zabala da gakoetako bat

The New School AEBetako Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da Scholz. Platform Cooperativism Consortium plataforma kooperatibak eratu eta hazteko partzuergoaren sortzaile eta zuzendaria ere bada. Azaldu duenez, ohiko plataforma digitalek zenbait abantaila dituzte: «Lanerako sarbide azkarra ematen dute eta kontsumitzaileei zerbitzu merkea eskaini. Baina ez dira jasangarriak. Banaketa zerbitzuetan, ekonomikoki puztutako enpresek bidaiak merketzen dituzte lehiakorragoak izateko eta sektorea suntsitzen dute. Langileek hagitz soldata baxua jasotzen dute, minimotik urrun, eta ez dakite hilabetero zenbat irabaziko duten, edo irabaziko duten ere».

Pandemian, kooperatibak ez diren plataforma digitalek ezberdintasun ekonomikoak handitu dituzte. Horregatik, kooperatiben printzipioak jarraitzen dituzten antolakundeek mesede itzela egiten dutela defendatu du Scholzek. Jabetza zabala da printzipio horietako bat, langile eta erabiltzaileen artean banatzen dena. «Erabaki demokratikoak eta prozesu parte-hartzaileak dira gakoa. Pertsona bakoitzak du ahotsa eta botoa. Horrek balio handia du langileei duintasuna ematen dielako. Berriki mintzatu naiz lehen Uberren lan egiten zuen gidari batekin. Orain kooperatiba batean dabil eta antzera irabazten du, baina lan baldintzak aunitzez hobeak dira. Ez da etengabe kaleratuko duten beldur, enpresaren zuzendaritza antola dezake eta kideek errespetatu egiten dute. Aldea nabarmena da».

Plataforma kooperatiba batzuk izurritean jaio ziren. Errate baterako, etxetik atera ezin zuten pertsonei auzoko dendetan erosteko bide eman zieten, eta gero desegin egin ziren. Bertze batzuek aitzinera segitzen dute. Euskal Herrian Eraman Coop., Botxo Riders eta Blokal ditugu, adibidez.

Ekonomia digital kooperatiboa prozesu bat dela azpimarratu du aditu estatubatuarrak, arrakastatsua gainera. «New Yorkeko Driver’s Coop-en 6.000 gidari dira eta haiek kontrolatzen dute enpresa. Lyft-ekin lehiatzen ari dira. Egunkarietako artikulu aunitzek diote plataforma kooperatibak Google eta Apple hiltzen ari direla, baina nire iritziz ez da hala. Arizmendiarreta ez zen konpetentzia suntsitzeko jaio, lehiatzeko eta bazkideen beharrak betetzeko baizik».

Eraman Coop, hiri jasangarri eta lan baldintza onen aldeko pedalkadak

«Ekaitz perfektua izan zen; Europa iparraldetik etorria nintzen, ingeniaria nintzen, hirien jasangarritasun eta mugikortasunaren inguruan nenbilen lanean, eta zama bizikletak deskubritu nituen. Gasteizen nengoela, pandemiak jo eta Paul ezagutu nuen. ‘Argia’-rentzat erreportaje bat egin zuen banatzaileen lan baldintzak okertzeaz». Hala abiatu zen Eraman Coop. kooperatiba, Juan Latorrek kontatu digunez.

Ahal ziren ekintza guztiak elkartu zituzten, lan baldintza duinak sortzeko, txanda luze eta erosoak izateko, eskari bat sartzeko zain egon gabe.

CoopCycle mundu mailako federazioan sartu ziren. Bertan, denen artean jartzen dute dirua software bat garatzeko; ideiak ere bai, adibidez bezero mota bakoitzari zenbat kobratu. «Ohartu ginen ezin genuela Iruñean edo Bilbon eragin Euskal Herri mailan lan egiten ez bagenuen. Hori dela-eta, CoopCycleren barruan federazio txikiago bat eratzeko lanean ari gara. Kopia daitezkeen ereduak dira eta zabaltzeko elkarbanatu egin behar dugu, sare bat eduki».

Lakuaren oniritzia lortuta, zein eredu erabili aztertzen ari dira eta egunero daude kontaktuan, bezeroak banatzen. Praktikan, martxan dago oraindik izenik ez duen euskal kooperatiba federazioa.

Eraman Koop-ean «Denok berdin kobratzen dugu, beti orduko. Hori garrantzitsua da, banatzaile gehienek egindako entregako kobratzen dutelako. Asanbladan eztabaidatzen dugu bakoitzak zenbat lan egin nahi duen», agertu du Paul Latorrek.

Eraman Coop. aunitz hazi da: hasieran lau bazkide ziren eta orain 19. «Konfinamenduko behar asko geratzeko etorri ziren eta masa kritiko hori lortu dugu hiriari beste irtenbide bat emateko. Orain beste arazo batzuk dauzkagu: langileen ordutegiak bat etortzea, enpresako kontuak…».

Iturria: NAIZ – Maider Iantzi