Azaroaren 26an, XXV. Nazioarteko Gizarte Ekonomiako Txemi Cantera Saria eman zion ASLEk Antonio Polo aitari. Ekuadorreko Salinas de Guaranda herrian bizi da 1970 urteaz geroztik, Bolibar probintzian, eta ehunka enpresa txiki sortzen lagundu du, tokiko ekonomia eta biztanleria indigena kontuan hartuz.
Txemi Cantera nazioarteko saria 1991tik ematen du ASLEK, munduan gizarte-ekonomiako balioak defendatu eta sustatzen dituzten pertsonak, enpresak eta erakundeak aintzat hartzeko. Parte-hartzea, demokrazia eta solidaritatea bezalako balioak azpimarratzen dituen saria nazioartean ospetsu bilakatu da. ASLEko aholkulari izandako 'Txemi' oroitzeko sortu zuten golardoa. Planifikazio estrategikoan aditua zen, "konpromiso sozial handiko benetako liderra. Hasieratik ulertu zuen bizitzaren oinarria ez dela norberak soilik bere lursaila lantzea, baizik eta ondokoei ere lagundu behar dela", gogoratu zuen Josetxo Hernándezek.
Aurtengo sarietan, Polo aitaren lana azpimarratu du epaimahaiak, "biztanle indigenen alde eskainitako zerbitzuagatik, eta giza garapena bultzatzeagatik mikroenpresen bidez pertsona horien burujabetza ekonomikoa suspertuz". Guaranda hirian 10.000 bat biztanle daude, %85 indigena, eta kantoiko udalerri oparoenetarikoa da. Izan ere, bertan gauzatzen ari diren ekimen komunitarioek eredugarri bilakatu dute. Europako merkatuetan preziatuak diren gaztak, eta baita gozoak, hestekiak, onddoak eta mermeladak landuz, 50 mikroenpresek 220.000 dolar (AEBetakoak) inguru fakturatzen dituzte urtero.
Testuinguru horretan pertsona azpimarragarria bilakatu da Polo aita, bai Bolibarren, bai Ekuadorren eta bai Hego Ameriketan. Egun, italiar jatorria duen elizgizona lanean dihardu Salinas de Guarandako ekonomia sustatzeko, ekintzailetza eta lanaren antolakuntza bultzatuz, baita tokiko produktuak nazioartean hedatzen lagunduz ere.
Iturria: ASLE