Argitaratuta Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren bilakaera aztertzen duen txostena

30 urria, 2017 | Kategoriarik gabe

Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak (EESC) urrian argitaratu du “Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren bilakaera” aztertzen duen txostena, CIRIEC-eko Rafael Chavesek eta Jose Luis Monzonek zuzendu dutena. Lan honetan, 2007an eta 2012an egindako txostenen datuak eguneratzeaz gain, hainbat berritasun sartu dira, hala nola, gizarte ekintzailetza, ekonomia zirkularra edota parte-hartze ekonomia.

Txosten honetan Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren datuak aztertzen dira, eta hauek aurrean izanda, EAEko Gizarte Ekonomiarekin alderatzeko aukera eman digu.

2015 urterako, guztira, aipaturiko txostenaren arabera 28en Europar Batasunean Gizarte Ekonomiaren barruan 13,6 milioi enplegu baino gehiago zeuden, kooperatiba, antzeko sozietate (lan sozietateak kasu), mutualitateetan, elkarte eta fundazioetan banaturik. Urte berean, Euskal Autonomia Erkidegoan 72.000 enplegutik gora “zenbatu” ditugu behatokian, elkarte eta fundazioak kontuan hartu gabe (ezinezkoa izan dugu datu hau lortzea).

Datu esanguratsua benetan, izan ere, herrialde ezberdinen datuak ikusiz gero, gure lurraldean sektoreak duen garrantzia agerikoa da. 2,19 milioi inguruko biztanle eskas izanik (eta esan bezala enplegu guztia kontsideratu gabe), EAEko Gizarte Ekonomiak europako zenbait herrialdek baino enplegu gehiago metatzen baitu, nahiz eta herrialde batzuen biztanleria nabarmen handiagoa edo eta Barne Produktu Gordina handiagoa den.

Gizarte Ekonomiaren garrantzi hau agerikoagoa dugu txostenak aurkezten duen beste datu bati so eginez gero, hots, sektorearen enpleguak enplegu totalean duen pisuari. Izan ere, bataz beste Europar Batasuneko 28 herrialdeetako Gizarte Ekonomiako enpleguak %6,3ko pisua du enplegu osoaren gain eta Euskal Autonomia Erkidegoan %8,56koa zen datua urte bererako (eta gogoratu elkarte eta fundazioen datuak falta direla, zeintzuk 10.000 enplegutik gora diren gutxienez). Portzentaia horrekin, esan dezakegu EAE Europar Batasuneko herrialdeen artean buruan dela, 5 herrialde soilik direlarik gure lurraldearen aurretik daudenak (Luxenburgo da balio altuena duena %9,9rekin, Herbehereak, Frantzia, Belgika eta Italiak jarraitzen diote).

Azkenik, sektoreko enpleguak azkenaldian izandako bilakaeraren inguruko datuak aurkezten ditu txostenak, krisialdi ekonomikoaren eragina Europan zehar orokorra izan dela argi uzten duelarik. Bataz beste 2010 eta 2015 urteen bitartean, Europako Gizarte Ekonomiako enpleguak %3,6ko jaitsiera izan duela adierazten dute ikerketa lanean, baina herrialdeen arteko ezberdintasunak izugarriak dira. Honela, zenbait herrialdek bilakaera oso negatiboa bizi izan dute (%15 eta %60 bitarteko beherakadekin), Suedia, Belgika, Italia, Portugal bezalakoek kasu, non Gizarte Ekonomiaren pisua nahiko nabarmentsua den. Beste herrialde batzuek enplegu galera murritzagoak izan dituzte, bataz bestekotik gertu (Finlandia eta Irlanda) edo baita egonkor mantentzea lortu dutenak (Frantzia, Grezia). Euskal Autonomia Erkidegoa talde honetan kokatzen da, 2010 eta 2015 bitarte enpleguaren %0,90 baino gutxiago galdu baitu. Azkenik, sektorearen bilakaera oso positiboa izan duten herrialdeak aurkitzen ditugu, batez ere orain gutxi arte Gizarte Ekonomiaren presentzia txikia zeukatenetan (Hungaria, Txipre, Malta).

Txostenak azaltzen dituen datuen eta EAEko datuen arteko alderaketak erakusten digu Gizarte Ekonomiak gure lurraldean duen presentzia aipagarria dela eta hainbat lurraldeetan sektoreak duen garrantziaren gainetik kokatzen dela gure kasuan. Ez dugu ahaztu behar bai Europan bai mundu mailan gure lurraldeko gizarte ekonomiako esperientziek ikerlari eta sektorearen arreta bereganatu izan dutela sarritan (kooperatibek eta enplegu zentro bereziek esaterako), hain zuzen ere denboran zehar bizirauteko erakutsi duten ahalmenagatik eta ekonomian osoan duten pisuarengatik. Hala ere, komeni da ez ahaztea oraindik ere sistema kapitalistan aktore hegemonikoak "enpresa tradizionalak" izaten jarraitzen dutela eta hauek darabilten logiketatik at aritzeak zailtasun eta arrisku anitz suposatzen duela.

 

Ane Etxebarria Rubio

Aratz Soto Gorrotxategi