Kapitalean oinarritutako ekonomiaren alternatiba bat martxan jartzeko beharraren inguruan gero eta gehiago entzuten ari gara azken urteotan. Gizarte-ekonomia, zehazki, ekonomia tradizionalak sortu edo konpon ezin zitzakeen arazoei erantzuna emateko jaio zen. Gaia gori egotearen arrazoia ekonomiaren krisialdia izan daiteke, eta garai historiko honek gizarte-ekonomiaren gaitasun guztiak garatzeko aukera eman du, aprobetxatu ez badugu ere. Hala ere, dudarik gabe, sektoreak krisiari hobeto erantzuten jakin izan du, ekonomia tradizionalarekin alderatuz.
Era berean, gure sistema ekonomikoak jasan duen arazoa (edo berak eragin duena) dela medio, banku tradizionalen gaitasun eza ikusi dugu bezeroen aurrezkiak kreditua eskatu dutenei bideratzeko garaian. Hortaz, herritar eta enpresak beste alternatiba batzuk bilatzen hasi ziren, baliabide horiek eskuratu ahal izateko. Momentu horretan hasi zen, hain zuzen, banku etikoaren ideia inoiz baino indar handiagoarekin zabaltzen. Banku mota berria gizarte-eragin positiboa bilatzen duen mugimenduaren baitan sortu zen. Espekulazioan oinarritutako jardueretatik aldendu eta aurrezkiak ondasun nahiz zerbitzuak sortzera bideratu nahi zituen; hau da, herritarren beharrak asebete. Horrekin batera, bezeroak aukera zuen erabakitzeko nora bideratu nahi zituen bere gordailuak. Beraz, banku tradizionalaren finantza-jarduerak dakarren arazoari irtenbide bikaina ematen zion aukera bilakatu zen banku etikoa.
Banku desberdin horren barne dago gizarte-ekonomia, eta sektorearen baitan dauden kreditu-kooperatibak erdigunean daude. Krisiari modu eredugarrian egin diote aurre, eta euren merkatu-kuotetan datu adierazgarriak lortu dituzte mailegu eta aurrezki kopuruari dagokionez, horretarako fusioak egin behar izan badituzte ere. Ezbeharrak jasateko ahalmena entitate horien xede nagusitik dator; onura soziala etekin ekonomikoaren gainetik jartzea. Horri esker, azken urteotako espekulazio-mugimendu basatiek ez diete hainbeste eragiten. Adibide moduan, Oinarri daukagu, elkarren bermerako sozietatea, kreditua enpresen eskura jarri baitu.
Adierazle horiek kontuan izanik, badirudi finantza-entitateak ez direla behar bezainbeste aintzat hartzen. Nola da posible?
Arrazoietako bat izan daiteke banku mota horiek presentzia txikiagoa dutela kaleetan. Banku tradizionalek, aldiz, sukurtsal eta kutxazain automatiko ugari dituzte. Banku etikoek, baina, telefono, internet eta posta elektronikoz gauzatu ohi dute euren jarduera, batik bat. Hortaz, erronka handiagoa gainditu behar dute, sistema horiek berriagok direlako eta jendearengan mesfidantza gehiago sortzen dutelako.
Banku alternatiboen errentagarritasunaren inguruan ere zalantzak sortzen dira; izan ere, helburu etikoak dituzten proiektuetan inbertitzen dute. Horiek errentagarritasun murritzagoa eskaintzen dute, eta epe luzera jaso ohi dira etekinak. Ezin ahantz genezake finantza-sektore horrek tradizionalaren lege-eskakizun berberak betetzen dituztela.
Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak (EEGK) finantza-sistemaren aniztasunaren aldeko irizpena (ECO/371) onartu ostean, badirudi aurrera egiten ari garela banku etikoaren kontzeptuaren zabalpenean. Irizpen horren bidez, aniztasuna bilatzen da, baina neurrien aplikazioan arbitrariotasunik izan gabe, Europako Batzordeari lagunduz kreditu- eta aurrezki-kooperatibak erregulazio finantzario berrian barneratzen.
Hala eta guztiz ere, krisian zehar aurrezki kutxak ia desagertu egin direla ikusi dugu espainiar Estatuko gizarte-ekonomian. EEGKak, hala ere, aurrezki kutxaren figura mantendu behar dela uste du, bere garrantzia soziala nabarmen egiaztatu baitu.
Etorkizuneko aurreikuspenak itxaropentsuak dira, oso, banku etikoarentzat. Horren adibide garbia da sortu berri den Kutxa Ner. Finantza-zerbitzuen mutualitate hori Ner Group enpresa-zerbitzuen kooperatibaren barne dauden 21 enpresek osatzen dute. Kutxa Ner-en bidez, beharra duten proiektuei fondoak eskaintzen dizkiete eta hedapen planak burutzen dituzte, baita epe laburrean funtsen errotazioa lortzeko proiektuak ere.
Bestalde, Fiare Banku Etikoaren inaugurazio ofizialaren lekuko izan ginen. Duela zenbait urte sortu bazuten ere, hilabete honetan bilakatu da banku-tresna osoa. Horrek argi erakusten du banku mota alternatiboak bizi duen aurrerakada.
Jasangarritasuna eta gardentasuna dira banku berritzaile horren indarguneak. Baina oraindik ez dakigu ziur egunen batean banku konbentzionala jardunbide etikoagoetara bultzatzeko gai izango ote den.