Iritzia: José Mª Pérez De Uralde: “2015eko OVES/GEEB txostenak”

17 abendua, 2015 | Kategoriarik gabe

Behatokiak garatutako bi jarduera garrantzitsuenekin emango diogu amaiera 2015eko ekitaldiari. Batetik, krisialdiaren azken bost urteotan euskal gizarte-ekonomiak bizi izan duen egoera aztertzen duen txostena. Bestetik, 2014ko egoeraren txostena. Osagarriak dira dokumentu biak, sektorearen garapena deskribatzen baitute iturri anitz kontrastatuz. Sektore garrantzitsu honentzat, botere publikoentzat eta gizarte-ekonomian adituentzat ikuspegi erabilgarria eskaintzen dute.

 

Horren harira, garrantzitsua da azpimarratzea Gizarte Ekonomiako 5/2011 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak, 'Gizarte-ekonomiako entitateei buruzko informazio estatistikoa' izenburupean, zehazten duena: gizarte-ekonomiaren arloko erregistro-eskumena duten administrazioek elkarlanean eta koordinatuta jardun dezatela sektorea osatzen duten eta berau ordezkatzen duten entitateen informazio estatistikoa bermatzeko. Informazio hori aldiro eguneratu behar da, eta Legearen 6. artikuluak aurreikusten duen gizarte-ekonomiako entitateen 'katalogo'ra egokitu, bai Estatuko eta bai autonomia-erkidegoetako administrazioek erabili ahal izateko. Aipatutako betebehar horiek momentura arte Legearen aplikazio-esparruan betetzen ez diren arren, gizarte-ekonomiaren estatistika-arloaren garrantzia legala formalizatzeko prozesuaren aurrean gaude.

 

Aipatutako 5/2011 Legearen arauak (lehenengo xedapen gehigarria) estatistikaren eta erregistro ofizialen arteko lotura azpimarratzen du. Horren arabera, botere publiko eskudunek lege-agindu horri erantzuteko jardun behar dute, elkarrekin erregistroak ahal bezainbeste hobetzeko esfortzua eginez, datuen iturri zuzen moduan erabiliak izan daitezen. Lehentasun bezala, administrazio ezberdinetako erregistro ofizialen arteko koordinazioa eta konexioa ere erraztu behar dela adierazten du. Arauaren oinarrizko bi aldagai horiei ematen zaien arretaren araberakoa da lor ditzakegun datuen objektibotasuna eta eguneratzea, baita emaitza zientifikoen bikaintasuna ere. Gizarte-ekonomia zorroztasunez kuantifikatuz deskribatzea berme ukaezina da sektorearen benetako garrantzia sozioekonomikoa ikusarazteko.

 

Neurketa estatistikorako bi ikuspegi metodologiko nagusi desberdintzen dira (Artis, Bouchard, Rousseliere 2013): batetik, kontu sateliteen ingurukoa, eta, bestetik, irudien bidezko behaketa estatistikoa. Kontu sateliteen metodoan oinarritutako estatistika-eredua Estatuko kontu-sistemarekin (SEC) zuzenki lotua dago, eta sektore konkretu bat sakontasunez ezagutzeko aukera ematen du; espresuki, kontabilitate-sistema ofiziala oinarritzat duen ikerketa-eremua, hain zuzen. Metodologia instituzional horrek oinarri homogeneoa duten azterlan-objektuen arteko alderaketa-prozesuak errazten ditu, Estatu mailan nahiz autonomia erkidegoen eremuan edo nazioartean. Bestalde, behaketaren bidezko neurketa estatistikoarekin alderdi espezifikoak ezagutu eta aztertzeko aukera dago, beste eragile sozioekonomiko batzuekin alderaketa eginez, arlo txikiago edo lokalagoetan (Artis et al). Horri esker, ikuspegi hurbilagoa lor dezakegu, baita adierazle espezifikoak sortu edo egokitu ere, etorkizuneko beharren araberako azterlan zabalagoak egin ahal izateko, edo errealitate desberdinduak edo bereziak behatzeko. Denboran ematen den eboluzioa aztertzeko ikerlanak egiteko ere aukera ematen du.

 

Euskal gizarte-ekonomiaren garapenari buruzko azterlanetan, azken formula horri heldu dio OVES/GEEBk, elaborazio deszentralizatua eta goranzko agregazioa oinarri duten behatokien ildo beretik lan eginez. Horri esker, ikerketa-objektuaren espezifikotasun jakin batzuk ezagutu daitezke, eta gizarte-ekonomiatik at dauden eragile ekonomikoekin alderaketak egin, baita beste denbora-epe batzuekin ere.

 

Horrela lortutako emaitzek eboluzio-prozesuak zehazten dituzte, tokian tokiko errealitateekin hurbilagoak. Ez dute sektorearen eta momentu konkretu baten argazki finkoa ematen. Edozein kasutan, metodo biak ezinbestekoak dira.

 

Deszentralizatutako kuantifikazioari esker, aldagai heterogeneoak barnera daitezke, eta perimetro zabalagoko emaitzak lortu, azterlanean errealitate zehatzagoak behatzeko ikerketa-eremuak sartuz. Erregistro publikoetako datu ofizialetatik abiatuz, beste iturri batzuekin kontrasta daitezke datu eta aldagaiak. Egun aurkezten diren ikerlanen kasuan, iturri anitzen alderaketa egiten da (Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, euskal Ogasunak, azterlan ofizial publiko eta pribatuak…). Horrez gain, euskal gizarte-ekonomiako entitate-eredu nagusien ordezkarietara ere jotzen dugu (kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu zentro bereziak, gizarteratze eta laneratzen enpresak, eta baita arrantzale kofradiak, BGAEk…). Horiek eurek kudeatzen dituzten datuak eskaintzen dituzte, hau da, sektoreko entitateen %90ari buruzkoak. Horrela, emaitzen kaudimena hobetzen dugu, eta, aldi berean, behaketa-prozesuan agertutako ezaugarri zehatzagoak barneratzen ditugu, ikuspegi orokorragoa lortu ahal izateko.

 

Edozein kasutan, kaudimen metodologiko dudagabean oinarritutako azterlan estatistikoak sortzeak aintzatespena ekarriko dio gizarte-ekonomiari. Hots, materia estatistikoak garrantzia berezia lortuko du prozesu finalista modura.

 

AGUR.