Goiener energia berriztagarrien kooperatibak bere bazkideei azaldu zien zer diren “Energia-Komunitateak”. Europako Batasunak arautu ditu baina Espainiako legedian ez da osoki ezarri eta “horren zain” dago Goiener bere promosamenaren xehetasunak azaltzeko. Baina iragarri zun Hernani eta Leitza udalerrietan Energia-Komunitateak abiarazteko prozesua martxan duela eta azpimarratu zuen Goiener duela 8 urtetik egiten ari dena horixe dela, Energia-Komunitateak sortzea. Eta bere egiteko moduaren ezaugarriak nabarmendu zituen: “Urruntzen gara proiektu faraonikoetatik (baita berriztagarri bidezkoak direnetatik ere); erregai fosilen erabilera iraunarazten duten ereduetatik, edota, batez ere, pertsonak ahalduntzen ez dituzten jardueretatik”.
Zer dira Energia-Komunitateak? Europako Batasunak honela definitzen ditu, Goienerrek bere bazkideei azaldu zienez: “Pertsonak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak biltzen dituen erakunde juridikoak dira; elkarrekin, energia berriztagarriak (elektrizitatea, beroa eta hotza), eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta abar sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua dutenak; hori guztia gertuko onura soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bilatuz”. Euskal Herrian energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba erreferentea den Goienerrek azaldu zuenez, Europako araudia ez da osoki ezarri Espainiako legerian “eta horren zai gaude gure proposamenaren xehetasunak zehazteko. Bitartean, aurreratu dezakegu zenbait udalerritan —hala nola Hernanin eta Leitzan— prestatze-lanak egiten ari garela Energia-Komunitateak abiarazteko modu sendo, parte-hartzaile eta erresilientean”.
Goienerrek adierazi zuen “bideratzailea” dela arlo hauetan: Arlo juridiko-administratiboan, arlo tekniko-ekonomikoan eta parte hartze-ahalduntze arloan. Energia-Komunitatea sortzeko bidea, hiru oinarri hauen bidez egin nahi duela azaldu zuen:
– Lurralde, eskualde eta udalerri bakoitzean dauden baliabideak aztertuta, “irtenbide jasangarriak eta sorkuntza banatua sustatzeko. Inguruan dugun lurralde-stress altuko egoeran lurrak okupatu gabe uztea lehenetsiz eta lehendik dauden azpiegiturak aprobetxatuz”.
– Energia aurreztea eta kontsumo arduratsua sustatuz.
– Benetako parte-hartze demokratiko eta bidezkoa oinarri hartuta.
Laburbilduz, Goiener eskala txikian eta maila oso lokalean erreplikatzea da Goienerrek Energia-Komunitateak hedatzeko duen modua.
Iturria: Argia