Bazkidetza kanpaina hasiko dutela iragarri dute, maileguak eta aurrezkiak orekatu ahal izateko.
Azken bi urteetan 760.000 eurotik gora eman ditu mailegutan Koop57 kooperatiba etikoak, eta 400.000 euro baino gehiago dituzte aurrezkitan. Bi kopuruak berdindu nahi dituzte orain, eta, horretarako, bazkidetza kanpaina hasi dute. Egun, 75 bazkidek osatzen dute kooperatiba.
Hala, aurrezki gehiago sustatzea izango dute xede, tokiko proiektu eraldatzaileak finantzatzeko betiere. Koop57ra batzeko dei argia egin diete hainbat eragile sindikal, feminista, politiko, sozial eta ekologistari, eta aurki haiekin bilduko dira. Koop57 «aurrezki etikoa» bultzatzen duen finantzaketa zerbitzu kooperatiboa da. 2013an sortu zen Euskal Herrian, «finantza subiranotasuna» lortzeko. Haren filosofiarekin bat egiten duten elkarteei eta kooperatibei kredituak ematen dizkiete.
Egitasmoa Herrialde Katalanetan abiatu zen, Coop57 izenarekin. Koop 57ren laguntza jaso dutenen artean daude, hala nola, Boga Garagardoa, Goxue, Karta Soziala, EHNE Bizkaia eta Arrikoop kooperatiba.
Iturria: berri.eus