“Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko” lelopean, uztailaren 16 eta 24 bitartean mundu osoko 450tik gora nekazarien ordezkari bildu ziren. Konferentziok 4 urtean behin egiten dira, zehar leku ezberdinean bakoitzero eta mundu guztiko milioika nekazari, laborari txiki eta ertain, lurrik gabeak, gazteak, emakume nekazariak, indigenak eta migratzaileak biltzen dituen mugimendua da.
16 eta 17an Gazteriaren IV Asanblada egin zen, kolektibo honek pairatzen duen egoera konkretuaren inguruan hausnartzeko eta “Gazteriaren IV Asanbladako Adierazpen Politikoa” aditzera eman zuen, zeinetan elikadura burujaberantz pausuak emateko giltzarriak aipatzen diren, hala nola “hiriko eta nekazal guneetako gazteriaren arteko lotura eta harremana” eta justizia, feminismo eta berdintasunak helburu horren lorpenean duten garrantzia, “dibertsitatea bere forma guztietan” kontuan izatea ahaztu gabe.
Uztailaren 18an, Emakumeen V Asanblada egin zen, “Emakumeen V Asanbladako Adierazpen Politikoa” plazaratu zuelarik. Bertan, emakumeen gaineko biolentzia mota ezberdinak aipatzen dira (feminizidioa, lurren akaparamendua, behartutako migratzeak, etab.), baita kolektibo honen aburuz eman behar diren pausuak ere, beste azterketa batzuetaz gain.
Hurrengo lau egunak Konferentziarenak izan ziren, eta 19 goizean eginiko irekiera ekitalditik aurrera besteak beste esperientzia eta borroka ezberdinen aurkezpen, mahai inguruak, hausnarketarako guneak, asanbladetan prestaturiko adierazpenen aurkezpenak eta erregio mailako bilerak egin ziren, larunbat arratsaldeko itxiera ekitaldira arte.
Igandean, bestalde, Bilbora martxa egin zen, zeinari Moyua plazan bildu zitzaizkion milaka pertsona. Ondoren, Plaza Berrian ekitaldi publiko-politiko bat egin zen (“Euskal Herriko Adierazpena” hemen irakurgai duzue). Hurrengo egunean, konferentziako partaideek lurraldeko esperientzia ezberdinak bisitatzeko eta gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.
Iturria: Vía Campesina