Uztaritzeko hautetsiek soldataren zati bat euskoaren bidez jasoko dute

30 apirila, 2021 | Kategoriarik gabe

Kazeta.eus-ek adierazi zuenez, Uztaritze izango da udaleko hautetsien soldataren zati bat euskoaren bitartez ordainduko duen lehen herria. Alkatea, alkateordea eta udaleko delegatu guztiak Euskal Moneta elkartera kidetu dira eta denek eskuratu ahalko dute lansariaren zati bat moneta horren bitartez.

“Ipar Euskal Herrian Europa osoko tokiko moneta indartsuena dugu. Herriko etxeak engaiatzen ahal dira herritarrekin batera baita enpresa eta elkarte munduarekin ere, tokiko enpleguaren alde, ingurumena eta euskararen alde. Egitasmo horren garapenean parte hartzea garrantzitsua iruditzen zaigu”, hala adierazi zuen Bruno Carrere Uztaritzeko alkateak. Martxoan Uztaritzeko Herriko Etxean euskoak erabiltzea erabaki zuen. Euskoa erabiltzeak tokiko ekonomia laguntzen duela azpimarratu zuten. Elkarlanarekin jarraitzeko asmoa ere berretsi zuten.

Erabaki hau aurrerapausoa dela nabarmendu zuten Uztaritzeko Herriko Etxeak eta Eusko Moneta elkarteak. Uztaritzen lehenagotik erabiltzen zen euskoa, 2017an Landagoien igerilekua izan zen euskoak onartzen lehen zerbitzu publikoa. Dante Edme-Sanjurjo Eusko monetaren zuzendariak positiboki baloratu zuen pausoa: “Herriko etxeek gure tokiko moneta baliatzen dute urrats konkretuak egiteko eta Uztaritzek erakusten duen borondateak dinamika baikor bat pizten du. Espero dugu gero eta herriko etxe gehiagok bultzatuko dutela heien gastuen parte bat euskoz ordaintzea, proposatuz hautetsiei, langileei, hornitzaileei edo laguntzen dituzten elkarteei euskoa onartzea”.

Iturria: Argia