EHLABE laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko irabazi-asmorik gabeko euskal erakundeen elkarteak % 21,5eko enplegu-hazkunde metatua lortu du lau urtetan. Desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren langabezia-tasa % 19 ingurukoa da, Estatuko baxuena (kolektibo honen Estatuko langabezia-tasa % 32koa da).
Urritasunen bat duten pertsonen enpleguaren goranzko joera bere horretan mantendu da, kolektibo hau lan-munduan txertatzeko dauden zailtasun bereziak gorabehera. Eta joera horrek euskal gizarteko enpleguaren hazkundea gainditzen du. Horren harira, Euskadin urritasunen bat duten pertsonei lana ematen dieten erakundeek, EHLABEri atxikita, % 4,97ko enplegu-hazkundea lortu zuten iaz, Euskadiko enplegu-tasa orokorrean izandako % 1,9ko hazkundearen oso gainetik, ehun lan-zentro baino gehiagoren artean banatutako 7.472 langile bilduz.
Gainera, sortutako enplegu guztiaren erdia baino gehiago (189 lanpostu) enplegagarritasunerako laguntza-premiarik handienak dituzten pertsonen kolektiboari zuzendutakoak dira, hau da, gaixotasunen mentala, urritasun intelektuala edo % 65etik gorako urritasun fisiko eta sentsoriala duten langileenak. Honela, 2016an, desgaitasuna duten 4.048 pertsona kolektibo honetakoak ziren (kopuru osoaren % 54), aurreko urtean 3.859 zirelarik. Kopuru horiek kontuan hartuta, EHLABE laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko irabazi-asmorik gabeko euskal erakundeen elkarteari atxikitako erakundeak “goi-goian daude eta Estatuko nahiz Europa mailako erreferentzia bilakatu dira kolektibo honen enpleguari dagokionez”, azaldu du Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzaileak.
Horiexek dira EHLABEren 2016ko balantzean bildutako ondorio nagusiak. Balantzea gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren parte-hartzeaz. Sailburuak adierazi duenez, “gurea bezalako gizarte aurreratu eta kohesionatu batek pertsona guztiak barne hartu behar ditu, nor bere ahalmenen arabera; horren harira, desgaitasuna duten pertsonek ere dagokien garapen profesionala lortu behar dute enpleguari dagokionez, eta EHLABEk frogatu duenez, horretan ere aurrera egiten ari gara”.
Gainera, urritasunen bat duten pertsonen enpleguak goranzko joera izan du azken urteotan gizarte ekimeneko sektorean. Aurreko lau ekitaldietan –2013tik 2016ra bitarteko epealdian- enpleguaren hazkundea % 21,5ekoa izan da. Honela, 2014an, erakunde hauek 504 lanpostu gehiago (% 8,2) sortu zituzten; 466 lanpostu 2015ean, eta iaz 354.
Kopuru hauek argitu dutenez, desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren langabezia-tasa % 19 ingurukoa da, Estatuko baxuena (kolektibo honen Estatuko langabezia-tasa % 32koa da). “Ekonomia oro har oso ahulduta egon den azken urteotan, EHLABEri atxikitako erakundeek, Eusko Jaurlaritzaren, Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz, desgaitasunen bat duten pertsonei aukera berriak ematea lortu dute”, adierazi du Txema Franco EHLABEko presidenteak.
EHLABEko erakundeen enplegu-hobekuntza honen arrazoiak, enpresa hauen jardunari lotutako sektore tradizionalen -bereziki industria eta zerbitzu sektoreen- aprobetxamenduarekin eta enplegu-nitxo berrien garapenarekin lotuta daude. Industria sektorearen susperraldiari, sektorte zerbitzuan sortutako lanpostu berrien gorakada eta osasuna, turismoa, ostalaritza, aeronautika edota logistika bezalako sektoreetan sortutako aukera berriak gaineratu behar zaizkio. Gaur egun, EHLABEko erakundeetako lanpostuen % 52,61 industria sektoreari dagokio, eta % 46,94 zerbitzu sektoreari.
Enplegagarritasunarekin batera, fakturazioak ere aurrera egin du. EHLABEko enpresek 302 milioi euro fakturatu zuten guztira 2016an, aurreko urtean fakturatutako 272 milioi euro baino % 11 gehiago, euskal elkarteko erakundeen gaur egungo osasun onaren seinale.
Era berean, emakumeen enpleguaren egoerak hobera egin du. Horren harira, 2016an sortutako lanpostu berri gehienak emakumeei zuzendutakoak izan ziren (197 emakume eta 147 gizon). Honela, urtebetez, emakumezkoen okupazio-tasa % 1 hobetu da gizonezkoen tasaren aldean, % 35eko okupazio-tasara iritsi delarik. Gainera, desgaitasuna duten beste 36 pertsona esparru arrunteko enpresetara igaro ziren, erakunde hauen oinarrizko helburuetako bat betez.
EHLABEk, 13 erakunde eta Euskadin finkatutako ehun enplegu-zentro baino gehiago atxikiak dituela, Euskadiko enplegu bereziaren aldeko erakundeen % 95 biltzen du. Gaur egun, honako erakunde hauek atxikiak ditu: Indesa eta RAEP, Araban; Lantegi Batuak Fundazioa, Usoa Lantegia, Ranzari Lantegia, Gallarreta Tailerrak, Bidaideak, Bizgorre, Eragintza Fundazioa, Apnabi eta Rafaela Maria Elkartea, Bizkaian; eta Gureak eta Katea – Legaia, Gipuzkoan.
Iturria: EHLABE